telebista
22:30ean
'Historias a Bocados' berezia, gaur, Ander Gonzalezen eta Joseba Arguiñanoren eskutik
EiTB
Eguberri jaien atarian, bi sukaldariek elkartzea erabaki dute Euskal Herriko parajeren batzuk ezagutzeko. Lehen atal honetan Sakanako bailarara joango dira eta hilaren 30ean Arabar Errioxara.
-
Joseba Arguiñano eta Ander Gonzalez. Argazkia: EiTB
Eguberri jaiak ate joka ditugu honetan, 'Historias a Bocados' saioko lan-taldeak bi saio berezi prestatu ditu. Saio berezi hauetan Ander Gonzalez eta Joseba Arguiñano sukaldariak elkartuko dira, Euskal Herriko paraje ezberdinak ezagutu eta, bide batez, bien arteko lehia 'txiki' bat jokatu asmoz. Nor bere estilora, lekuan lekuko istorioak ezagutuko dituzte, aspaldiko garaiak gogora ekarriz, eta saioaren amaieran plater goxo bana prestatuko dute herritarren aurrean. Lehen atal honetan Nafarroako Sakana bailaran murgilduko dira eta abenduaren 30ean eskainiko den bigarren saioan Arabar Errioxa bisitatuko dute.
Anderrek Jesus Mari Ganuza Sakana eskualdeko albaitaria ezagutuko du lehendabizi. Bere lanari buruzko azalpenak ematez gain, aurrez aurre ikusi ahal izango du animalien azterketa bat nola egiten duen. Horretarako, Lakuntzako Alejandro Ibarraren ganadutegira joango dira. Jarraian Arbizura joko du Anderrek, Patxi Goikoetxearen hestebeteen enpresara. Bertako izar nagusia den txistorra egiten ikasiko du eta dastatu ere bai. Famili arteko enpresa honek hainbat sari jaso dituelako kontatuko dio Patxik.
Joseba ere lanean ikusiko dugu, baina egurrarekin. Urdiain herrian Antton Zelaiak duen egurtegiko jarduna ezagutuko du. Gero Etxarri Aranatzera hurbilduko da Txaro Garciandiarekin hitz egitera. Herriko erraldoiak berreskuratzeko lanetan dihardu Txarok: Beltza, Zuria, Beraxko, Kixkimau Pintto y Txiñerratso.
Sakana bailaran ibilbidea osatu ostean, bi sukaldarien arteko buruz burukoa jokatuko da Lakuntzako Pertzak elkartean. Bertara batuko diren herritarrek osatuko dute epaimahaia.
'Historias a Bocados' saioaren atal bereziak gaur eta abenduaren 30ean izango ditugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.