telebista
Estreinaldia, gaur, 22:30ean
"Barre Librea", ostiral gauetarako umorea, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin
EiTB
Aktore ezagunak bilduko dituzte astero bakarrizketa eta esketx saio berrian. Itziar Atienza, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre gonbidatu dituzte lehen atalera.
Gaur gauean, "Barre Librea" umore saioa estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola buru direla, astean behin, giro goxoan eta mingainak zorroztuta, punta-puntako euskal aktorez osatutako lagun taldea bilduko du EiTBk Donostian duen egoitzan, Miramonen.
Guztiek batera, umorezko bakarrizketak, esketxak eta inprobisazio jokoez osatutako bizkotxoa eskainiko diete etxekoei. "Hori da konfinamenduan ondo egiten ikasi duguna. Barre egiten bagenekien lehen ere, baina orain 'Barre Librea' egingo dugu", dio saioko lantaldeak. Gaiak denetarikoak izango dira, eta bizi dugun errealitateak (konfinamendua eta deseskalatzea), jakina, izango du lehen saioetan ere isla.
New Mediak eta ETBk ekoitzitako saioaren buru sortzailea, Aitziber eta Jonekin batera, Getari Etxegarai eta Kepa Errasti aktoreek osatzen dute. Laukoteak du edukien ardura, Aitor Ormaetxea eta Ane Gerra gidoilariekin batera.
Pertsonaiak ere hezurmamituko dituzte "Barre Librea" saioan. Aitziber Garmendiak ezagun egin dituen Virginia edo Gorane, esate baterako, eta beste berri batzuk ere bai: Xuban, Agurtzane eta Korinba, Goraneren familiako kide bereziak; Jose Manuel, Virginiaren laguna, eta Lulu, Virginiak etxean duen amabirjinaren koadro surrealista. Aitziber eta Jonekin batera, Kepak eta Getarik ere gorpuztuko dituzte pertsonaiak.
Lehen saioan, Aitziberrek, Jonek eta Kepak beste hiru euskal aktore bikain izango dituzte lagun atala osatzeko: Itziar Atienza, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre. Hurrengo astean, berriz, Joseba Apaolaza, Itziar Ituño eta Ane Gabarain arituko dira Aitziber, Jon eta Getarirekin batera.
"Barre Librea" ostiral gauetan izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.