telebista
Aurkezpena
ETBk udako programazioaren aurkezpena egin du
EiTB
Nabarmentzekoak dira 'Joseba Arguiñano Sukalerrian', 'Udak Dakarrena', 'Plazandreak', 'Etxekoak' eta kirol eskaintza ETB1en, eta 'The Basque Route', 'El Club del Tupper' eta 'A Bocados Verano' ETB2n.
Euskal Telebistak udarako prestatu duen programazioaren nondik norakoak aurkeztu ditu ostiral honetan (ekainak 26), Donostiako Cristina Enea parkean. Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak gidatu du ekitaldia, eta alboan izan ditu Joseba Urkiola ETBko Kiroletako zuzendaria eta zenbait aurkezle eta aktore: Julian Iantzi, Ander Gonzalez, Joseba Arguiñano, Klaudio Landa, Sara Gandara, Ilaski Serrano, Gentzane Aldai, Javi Sierra, Zigor Iturrieta, Alberto Santana, Fermin Aramendi, Arantza Ruiz, Xabi Ormazabal, Ylenia Baglietto, Miren Arrieta eta Olatz Ganboa.
ETB1
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" (ekainaren 29tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 13:15ean)
Herritarrak izango dira Joseba Arguiñanok astelehenetik ostiralera eguerdiko "Gaur Egun" albistegiaren aurretik gidatuko duen "Joseba Arguiñano Sukalerrian" sukaldaritza saioko protagonistak. Egunero gonbidatu bat hartuko du bere sukaldean, eta kozinatzen duten bitartean, errezeta zaporetsu horren inguruko lagunarteko solasaldiaz gozatuko dute. Plater tipiko bat nola egiten den, jaki ezberdinak goraipatu edo bestelako konturen bat partekatzeko gogoz dagoen edonori zabalduko dizkio ateak ETB1eko saio berriak.
"Udak Dakarrena" (uztailaren 20tik aurrera, astelehenetik ostegunera, 21:30ean)
Aurtengo uda desberdina izango da, aisialdia beste modu batera bizi beharko dugu. Esperientzia horien guztien kontakizuna egitea izango du helburu Julian Iantzik zuzenean gidatuko duen "Udak Dakarrena" solas-tarteak, batzuetan gonbidatuak saioaren setera ekarriz eta beste batzuetan erreportarien bitartez. Herriz herri ibiliko den saioak bi sofa izango ditu: batean, berriketan, dantzan, kantuan edo oroitzapenetan aritu nahi duten herritarrak eseriko dira; eta bestean, gonbidatu ospetsu bat, programan gertatuko diren istorio guztien inguruan hitz egitera etorriko dena.
"Chiloé, Lasterka Munduan" (uztailaren 14tik aurrera, astearteetan, 22:30ean)
Kirola eginez, munduan zehar bidaiatzen jarraituko du Zigor Iturrietak "Chiloé, Lasterka Munduan" saioaren laugarren denboraldian. Japoniako Yamaguchi prefektura, Azore uharteetako San Miguel uhartea, Frantziako Vendée departamendua, Menorca eta Kanaria Handian bizitako esperientziekin gozatu ahalko dugu oraingoan. Lekuan lekuko kultura, gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzeaz gain, mendi-lasterketa ezagunetan hartuko du parte bizkaitarrak.
"Plazandreak" (uztailaren 3tik aurrera, ostegunetan, 22:30ean)
Emakumezkoen pilota ezagutzera emango duen saio berritzaile hau ostegun gauero izango dugu ikusgai ETB1en. Hamabi pilotari ikusi ditugu lehian, lau taldetan banatuta, eta talde bakoitzak entrenatzaile bat izango du. Astero, hiru partida jokatuko dituzte, bi banaka eta bat binaka, pilota mistoa erabiliz eta hamabi tantora. Ostegunero, bi talde lehiatuko dira eta hiru puntu izango dira jokoan; amaieran, Euskal Herriko talderik onena zein den jakingo dugu. Iñigo Aiestaran, Elena Azpeitia eta Gentzane Aldai izango dira gidariak.
"Etxekoak Udan" (uztailaren 19tik aurrera, igandeetan, 22:00etan)
Itxialdi garaian ETB1en ikusgai izan dugun "Etxekoak" telesaileko protagonisten gorabehera berriekin gozatu ahalko dugu udan. Olatz Ganboa eta Mikel Losada (Nerea eta Aitor), Miren Gojenola eta Mikel Laskurain (Arantxa eta Iñaki), Ylenia Baglietto (María), Miren Gaztañaga (Eider), Iker Galartza (Oier), Joseba Usabiaga (Unai), Kandido Uranga (Xanti) eta Miren Arrieta (Izaro) aktore ezagunekin batera, aktore berriak ikusiko ditugu. Aurreko denboraldian bezala, pertsonaiek bideo-dei bidez hitz egingo dute euren artean, baina, oraingoan, gainera, elkar ikusiko dute kalean, hondartzan edo igerilekuan, uda berezi honetako baldintzekin. Iker Laurobak saioaren abestiaren moldaketa egingo du uda girora egokitzeko.
Emanaldi bereziak
Uztailaren 13tik aurrera "Kulturunea" saioko emanaldiez gozatu ahalko dugu ETB1en astelehenero, 22:30ean, Ilaski Serranoren gidaritzapean. Itxialdiaren ostean kultur alorrari bultzada emateko EiTBk Vital Fundazioarekin elkarlanean gauzatutako ekimenak euskal artisten kontzertu sorta ederra dakarkigu: Belako, Mikel Erentxun, Liher, Gari, Modus Operandi, Eñaut Elorrieta, The Soulbreaker Company, Iñaki Palacios eta bere banda, Moonshine Wagon, Xabi Solano eta Mikel Urdangarin.
Uda berezi honetan gure herri eta hirietan jairik egongo ez den arren, EiTBk keinutxoak egingo dizkie urteroko hitzordu nagusiei: Iruñeko sanferminei, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiei, Donostiako eta Bilboko Aste Nagusiei…
Hala, uztailaren 6an, "Txupinazoa Gogoan" saio berezia gidatuko dute Ilaski Serranok, Aritz Agirrek eta Jaione Carpinterok, zuzenean, Iruñeko Baluartetik. Hainbat gonbidatu pasatuko dira bertatik, zuzeneko konexioak egingo dituzte hiriko beste leku batzuekin eta aurreko urteko jaiak gogora ekarriko dituzte bideoen bitartez. Halaber, Voces Riberas eta Puro Relajo taldeen zuzeneko emanaldia izango dute.
Zuzeneko kirol emanaldiak
Ekainaren 14an berrekin zien ETB1ek zuzeneko kirol emankizunei, Iker Vicente aizkolariaren errekor saiakerarekin. "ETB Kantxa" saioa ekainaren 24an itzuli da programaziora, Eibarko Astelenatik, eta, hortik aurrera, astean hiru emanaldi egingo dira (ostiral gaua, larunbat gaua eta igande arratsaldea), Eskuzko Pilota Enpresen Ligak eta CaixaBankek antolatu duten Masters CaixaBank txapelketa berezia eskaintzeko. Horrez gain, larunbat arratsaldero, erremontea izango dugu, zuzenean, Hernaniko Galarretatik, eta, igande honetan, Emakume Master Cupeko finala izango da ikusgai, zuzenean, Irundik.
Uztailaren 4tik hasita, urtero legez, arrauna izango dugu ikusgai astebururo: larunbatetan, 17:30ean, eta igandeetan, 11:30ean. Eta herri kirolen leihoak zabalik jarraituko du, emakume zein gizonezko aizkora eta harri-jasotze txapelketak eskaintzeko.
Txirrindularitzari dagokionez, etenaldiaren ostean jokatuko den nazioarte mailako lehenengo proba, Burgosko Itzulia, ETB1en jarraitu ahalko dugu uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Eta Dauphiné Liberé (abuztuak 12-16) eta Frantziako Tourra (abuztuaren 29tik irailaren 20ra) ere eskainiko ditu aurten Euskal Telebistak.
Azkenik, futbol liga amaitu bitartean, "Area Txikia" saioak euskal taldeen laburpenak eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko ditu partida duten bakoitzean.
ETB2
"A Bocados Verano" (ekainaren 29tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 20:15ean)
Ekainaren 29an jarriko da abian "A Bocados Verano" saioaren denboraldi berria. Aurtengo udan elkarrekin arituko dira Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte, ikus-entzuleei euskal sukaldaritzaren onuren berri eman eta Euskal Herriko paraje erakargarriak erakusteko asmoz. Leku paregabea aukeratu dute horretarako: Donostiako Haize Orrazian kokatutako terraza idilikoa. Hainbat berrikuntza izango ditu saioak: batetik, leiho bat zabalduko dute egunero herritarren zalantzak argitzeko; bestetik, hainbat erreportari izango dituzte kalean barrena ibiltzeko.
"Allí Abajo" (ekainaren 29tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 16:30ean)
Udan, eguerdiko "Teleberri" albistegiaren ondoren, "Allí Abajo" umorezko telesaila izango dugu ikusgai ETB2n "Qué Me Estás Contando" aktualitate-saioaren aurretik. Iñaki (Jon Plazaola) 35 urteko gazte euskalduna da telesailaren protagonista nagusia. Ez da inoiz Euskal Herritik atera, eta Maritxu (Ane Gabarain) amarekin bizi da. Honek bere kabuz bizitzeko gai ez den haur gisa ikusten du semea. Betiko lagunak eta aitarengandik oinordetzan jaso duen taberna dira Iñakiren ardura nagusiak. Bere bizitza goitik behera aldatuko da amarekin batera Sevillara egingo duen bidaian. Carmen (Maria Leon) ezagutuko du bertan.
"El Club del Tupper" (uztailaren 6tik aurrera, astelehenetan, 22:30ean)
Sukaldaritza, umorea eta jende famatua izango dira astelehen gauero ETB2n ikusgai izango den "El Club del Tupper" saioaren osagai nagusiak. Astero, Javi Sierra sukaldariak hiru aurpegi ezaguni gonbidapena egingo die euren arteko sukaldaritza deman parte hartzeko. Bakoitzak errezeta bat prestatuko du bere etxean, gainerako lehiakideak nortzuk diren jakin gabe. Kozinatutakoa tupper batean bidaliko diete besteei mezulari bitartez. Amaieran, Tuperraren Klubean elkartuko dira hiru gonbidatuak eta aurkezlea, tupper goxoena zein den aukeratzera. Bozketan berdinketa egonez gero, Javi Sierraren botoak erabakiko du irabazlea nor den.
"Una Historia de Vasconia" (abuztuaren 5etik aurrera, asteazkenetan, 22:30ean)
Abuztuaren 5etik aurrera "Una Historia de Vasconia" dokumental sortaren hirugarren denboraldia izango da ikusgai ETB2n. Alberto Santana historialariak gidatzen duen saioak ikerketaren eta aurkikuntzaren munduan barrena bidaia erakargarria proposatzen du, Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiz. Oraingo honetan jorratuko dituzten gaien artean, euskal matriarkatua, kristautasuna, kontrabandistak, esklaboen trafikatzaileak, gure herrian sortutako jan eta edariak…
"The Basque Route" (ekainaren 18tik dago ikusgai, ostegunero, 22:30ean)
Ekainaren 18an jarri zen abian "The Basque Route" Iñaki Urrutiaren saio ibiltaria. Euskadin barrena zortzi ibilbide turistiko egingo ditu, aurpegi ezagunek lagunduta. Covid-19ak ekarri digun egoera berrira egokitutako eskaintzaren berri emango digu: familiarekin joateko, maskotekin, abentura zaleentzako proposamenak, turismo erlijiosoa… Ostegun gauero ETB2n ikusgai den saioak arreta berezia eskainiko dio merkataritza jasangarriari eta Euskadin egindako gai eta produktuei.
"La Noche de…" eta zinema
Felix Linaresek aurkezten duen "La Noche de..." saioak ez du hutsik egingo, eta udako tarteak eta kartelerako filmik arrakastatsuenak estreinatuko ditu; izan ere, zinemak, oro har, programazioan leku garrantzitsua izango du. Besteak beste, honako filmak eskainiko dira: Escuadrón suicida, Una relación abierta, Bienvenidos a Villa Capri, ¡A ganar!, Klondike eta Malaterra.
ETB, informazioari eta aktualitateari so
Eta, jakina, uda osoan ere, informazioari eta aktualitateari arreta berezia jarriko dio Euskal Telebistak. Koronabirusaren krisiak eta uztailaren 12ko hauteskundeak azpimarra berezia izango dute. ETBko albistegiek, "Egun On Euskadi"k (abuztuan atseden hartuko du), "Gaur Egun"ek eta "Teleberri"k, egunero bertako eta kanpoko berriak ekarriko dituzte, eta jarraipen zabala egingo diote hauteskunde kanpainari, honek ondoren utziko duen egoera politikoari eta baita covid-19aren inguruko nobedadeei ere. Ildo beretik, uztailean, Xabier Lapitzek aurkezten duen "En Jake"k eta ETB1en Klaudio Landa buru duen "Eztabaidan" saioak debaterako mahaia eta erreportajeak izango ditu. Halaber, arratsaldeetan, ETB2n, "Qué Me Estás Contando" saioak, Arantza Ruiz eta Xabi Ormazabal gidari dituela, iritzi-mahaia, gizarte- eta politika-gaiak eta Euskadiko udaren informazioa ekarriko ditu zuzenean.
ETB3
Udako oporraldia ahalik eta ondoen igarotzeko, programazio berezia osatu du ETB3k. Alde batetik, Ekain Ibargurenen eta Iholdi Beristainen eskutik estreinatu berri den "Erronkan" saio berria dugu. Bertan, ikastetxeen arteko erronka dibertigarriak jokatzen dira, haur eta gazteen artean euskara sustatzearekin batera. Bestetik, "3 Ene Kantak" saioaren ikasturteko une ezberdinak ekarriko dituzte gogora eta Hiru3 klubeko bazkideen zorion agurren tarteari eutsiko zaio. Marrazki bizidun berrien artean, bi nobedade nagusi ditugu, "Altxor jagoleak" eta "Isatsdun heroiak: animalien detektibeak", otsailean estreinatutako "Lars Zonbia" telesailarekin batera.