telebista
Audientzia
Mikelek irabazi du "El Conquistador", finalean audientzia datu historikoak lortuz
EiTB
Finalak asteleheneko ordutegi nagusian lidergoa lortu du % 28,0ko audientzia-zatiarekin, eta eguneko saiorik ikusiena izan da Euskadin.
-
Mikel Perez, aurtengo "EL Conquistador" edizioaren irabazlea. Argazkia: EiTB
Mikel Perez Artola oiartzuarrak irabazi du "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren 16. edizioaren final handia, Jon Quel, Isma, Lander, Erro eta Durana garaituta.
Finalaren emanaldiak audientzia datu historikoak izan ditu: asteleheneko ordutegi nagusian lider izan da, % 28,0ko audientzia-zatia bereganatuz, azken zortzi urteetako daturik onena, alegia. Halaber, 296.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu du Euskadin eta eragin-eremuan.
Denboraldi osoan zehar, abentura realityak audientziaren harrera ezin hobea lortu du. Saioaren hamaseigarren edizioa azken sei urteetako denboraldirik ikusiena izan da, eta bere ordu-tartean lider izan da astelehenero. Batez beste, % 22,7ko audientzia-zatia eta 316.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen.
"El Conquis" eitb.eus-en eta sare sozialetan
"El Conquistador del Caribe"ko finalaren Internet bidezko emanaldiak harrera oso ona izan du, baita saioaren webgune bereziko edukiek ere, eta 48.000 erabiltzaile bakar baino gehiago izan dituzte.
Halaber, sare sozialetako erabiltzaileek ere gertutik jarraitu dute finalean gertatutako guztia Twitter, Facebook eta Instagram sareetan. Azken horretan, gainera, "El Conquis"en kontuak 30.000 jarraitzaileen langa gainditu du.
Bestalde, #conquisfinal etiketa joera izan da Twitterren: 13.000 txio baino gehiago eta ia zortzi milioi inpresio lortu ditu sare sozialaren timelineetan. Mikel izena ere TT izan da.
Horrez gain, hamaseigarren edizio honetan, 1.150.000 erabiltzaile bakarrek jarraitu dituzte saioaren emanaldiak eta saioaren inguruko edukiak eitb.eus-en, ia zortzi milioi orrialde ikusi sortuz.
Final handia
"El Conquistador del Caribe" saioaren final handia Los Haitises Parke Nazionalean hasi zen, Bocatiburón kobazuloan. Mikel, Jon Quel, Isma, Lander, Erro eta Durana bertatik abiatu ziren lehen pistaren lehen zatiaren bila.
Jon Quelek, Ismak, Landerrek eta Mikelek lehen pistaren bi zatiak lortu zituzten, eta kayakerako palaren bila atera ziren, eragiketa matematiko bat ebatzi ondoren. Bitartean, Errok eta Duranak kobazuloan jarraitu zuten; lehenak bere zenbakia kalkulatu ezinik eta bigarrena bere lehen banderatxoaren bila.
Kayakean, Jon Quel zihoan aurretik, atzetik Isma, Lander eta Mikel zituela, baina azken horrek guztiak harrapatu eta aurreratu zituen. Bera iritsi zen lehena tirolinara, Jon Quel eta Isma atzean utzita. Landerrek ez zuen tirolina egiteko aukerarik izan, hiru soka baino ez zeudelako. Erro kayakerako bidean geratu zen atzean, eta Durana, lehen banderatxoa aurkitu ezinik.
Mikelek kayakean egindako ibilbidean lortutako abantaila nahikoa izan zen "El Conquistador del Caribe" saioko irabazlearen ikurrina eskuratzeko. Jon Quel iritsi zen bigarren, eta Isma, berriz, hirugarren. Oiartzuarrak familiari eta Gotzon bere kapitainari eskaini zien saria, eta bere herria, Oiartzun, gogoan izan zuen une hunkigarriotan.
Orobat, platoan, irabazlearen ikurrina astintzen ari zela hunkitu egin zen Iceman, eta negarrez hasi zen, anaiarekin batera. Saioan kontatu zuenez, ziurrenik anaiarekin partekatuko ditu Mikel Perez Artola "El Conquistador del Caribe" saioaren irabazleak jasotako 20.000 euroak.
Publikoaren faboritoa
Asteazken honetan, publikoaren faboritoaren gala izango da ikusgai, Patxi Alonsok aurkeztuta. Orain arte, publikoaren babesik handiena jaso duten lehiakideak Mikel, Erro, Lander, Nekane, Durana eta Idoia izan dira. Boto gehien lortzen dituenak 5.000 euroko saria jasoko du.
Saioak, berebat, sei finalistekin debatea ere eskainiko du. Protagonistek abenturan bizitakoa gogoratuko dute, eta conquistologoen iritziak eta komentarioak entzungo dituzte aurrez aurre.
Hurrengo ediziorako castingak, martxan
"El Conquistador del Fin del Mundo"ren 17. edizioa prestatzen ari dira dagoeneko, eta garrantzitsuena falta da: lehiakideak. Urtero bezala, castinga aurrez aurre zein online egiteko aukera izango dute lehiakide izan nahi duten hautagaiek.
Koronabirusaren krisia dela eta hartu beharreko segurtasun-neurriak bermatze aldera, aurrez aurreko castingetan parte hartu ahal izateko hitzordua eskatu behar da. Horretarako, mezu elektronikoa bidali beharko da elconquis@eitb.eus helbidera. Bertan, honako datu hauek eman behar dira: izen-abizenak, adina (18 urtetik gora izan behar dira), herria eta telefono-zenbakia. Saioko lantaldea lehiakidegaiekin jarriko da harremanetan castingaren eguna, tokia eta ordua zehazteko.
Gainera, aurreko urteetan bezala, saioko lehiakide izan nahi duten lagunek castinga online egiteko aukera ere izango dute, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren webgunetik bideoa bidalita. Uztailaren 19a arte egongo da bideo-castinga bidaltzeko aukera.