Itxi

telebista

22:30ean

"El Club del Tupper" saioaren estreinaldia, gaur, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Javi Sierra sukaldariak hiru aurpegi ezagun gonbidatuko ditu euren arteko sukaldaritza deman parte hartzeko. Juanito Oiarzabal, Julian Iantzi eta Manu Maritxalar izango dira lehenak.

  • Javi Sierra, "El Club del Tupper" saioaren aurkezlea.

    Javi Sierra, "El Club del Tupper" saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB

Pertsona ezagunak, sukaldaritza eta umorea; horiek dira "El Club del Tupper" saio berriak uda honetarako eskaintzen duen errezetaren osagaiak. Javi Sierra sukaldari eta aurkezleak hiru aurpegi ezagun gonbidatuko ditu euren arteko sukaldaritza deman parte hartzeko. Bakoitzak errezeta bat prestatuko du, eta azken unera arte ez dute jakingo noren aurka lehiatzen ari diren. Bukaeran, "El Club del Tupper" saioaren egoitzan elkartuko dira gonbidatu guztiak epaia jasotzeko.

Pertsona ospetsuek euren etxeetan prestatuko dituzte errezetak, eta tuperretan bidaliko dizkiete jaki horiek gainerakoei, mezularitza-zerbitzu baten bidez. Jatekoak probatu ostean, bakoitzak bere tuper gogokoena aukeratuko du. Javi Sierrak ere probatuko ditu plater guztiak, eta, berdinketa gertatuz gero, aurkezlearen botoa erabakigarria izango da.

Gastronomiatik urrun dauden arloetako aurpegi ezagunak sukaldean nola moldatzen diren ikusiko dute ikus-entzuleek. Gainera, gonbidatuak gehiago ezagutzeko aukera izango dute, euren alde pertsonalagoa, familia edota bizilekua erakutsiko baitute. Horrela, ikuskizun, komunikazio eta kirol munduko profesional handiak "El Club del Tupper" saioko kameren aurrean ibiliko dira.

Astero gai nagusi baten inguruan prestatuko dituzte errezetak, eta onenak klubeko ohorezko kide bihurtuko du egilea. Klubak bazkide bati eman diezaiokeen saririk handiena jasoko du irabazleak: urrezko tuperra.

Gaurko atalean, Bizirauteko errezetak

Formatu original honen lehen atalaren izenburua Bizirauteko errezetak izango da, eta lehenbiziko hiru protagonistak, Juanito Oiarzabal, Julian Iantzi eta Manu Maritxalar. Horrela, emanaldi honetan, Juanitok pil-pil saltsa loditzeko dituen arazoak ikusiko ditugu; Manu Maritxalarrek marmitakoak hegaluzea duela ikasiko du, harrituta; eta Iantzik hainbat gorabehera izango ditu espeziekin. Azken unera arte ez dute jakingo norekin lehiatzen ari diren.

"El Club del Tupper" astelehenero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.