telebista
22:30ean
Euskal gastronomiaren historia aztergai, gaurko "Una Historia de Vasconia" saioan
EiTB
Alberto Santanak aurkezten duen saioak betiko euskal produktuen eta errezeta tradizionalen jatorria aztertuko du.
-
"Una Historia de Vasconia". EiTBren bideo batetik ateratako irudia.
Gaur gaueko "Una Historia de Vasconia" saioak euskal elikagaien, janarien eta edarien historia aztertuko du. Produktu tipikoen eta errezeta tradizionalen jatorriaz arituko da, eta Erdi Arora egingo du bidaia euskal "menu historiko" batzuk aztertzeko.
Halaber, Eusko Label produktuei begira jarriko dira; osagai nagusien jatorri geografikoa ikertuko dute eta euskal gastronomia-ohituren hedapenari data jartzen ahaleginduko dira. Besteak beste, gure produktu tipikoak hartuko dituzte hizpide: Tolosako babarrunak, Gernika / Ibarrako piperrak, Arabako patatak, Deustuko tomateak, Ezpeletako piper gorriak edota Errioxako ardoa. Gainera, gure errezeta tradizionalak ere aztertuko dituzte: marmitakoa, porrusalda, babarrun-jana, patatak errioxar erara edota patata-tortila, bakailaoa, arrain-kontserbak (hegaluzea, antxoa, sardina...), euskal hestebeteak (odolosteak, txorizoa, txistorra, mondejua...) eta esnekiak (gazta eta mamia), baita gure fruitu eta barazki preziatuenak ere.
Ekoizleak, merkatuak eta sukaldeak bisitatuko ditu Alberto Santana historialariak, eta euskal kulturak egungo produktu eta jaki tipiko asko Ameriketako trukaketaren ondorioz jaso zituela argituko du. Elikagai horietako asko, gainera, ez genituen gure plateretan zerbitzatu XIX. mendera arte.
"Una Historia de Vasconia" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.