telebista
22:30ean
"Una Historia de Vasconia"ren azken atala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
'Morts pour la patrie' atalak Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertuko ditu.
-
"Una Historia de Vasconia: Morts pour la Patrie". EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Lehen Mundu Gerrak Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertuko ditu "Una Historia de Vasconia" saioaren azken atalak, gaur gauean.
Iparraldean, milaka pertsonak parte hartu zuten Paueko eta Baionako batailoietan, eta, horien artean, 6.000 euskal gaztetik gora "pour la Patrie" eman zuten bizitza. Ipar Euskal Herriko herritarren historian biktima gehien utzi zituen gerra izan zen.
Bestalde, euskal desertore eta kontzientzia-objektore ugarik mugaren beste aldera ihes egin zuten kontrabandisten ohiko bideetatik, armadara derrigorrez joan beharrik ez izateko.
Aditu batzuen ustez, Lehen Mundu Gerra Ipar Euskal Herriko euskaldunak Frantzian integratzeko faktore nagusia izan zen. Alberto Santanak gidatzen duen saioan, sentimendu abertzale "frantses" berri hori nola uztartu zen azaldu, eta garai hartan Iparraldean hedatzen hasia zen euskal nazionalismo hasiberriaren lehen urratsak aztertuko ditu.
Hegoaldeak ere hartu zuen parte Gerra Handian. Batetik, berrehun bat soldadu boluntario bidali zituen borrokara, eta, bestetik, industria baliabide eta hornidurak saldu zizkien gatazkan parte hartu zuten potentzia garrantzitsuenei. Bizkaiko oligarkia handiak bere mozkin eta irabaziak bikoiztu zituen Gerra Handian, eta Bizkaiko ontzigintza eta burdingintzaren tokia aldarrikatu zuen nazioarteko merkatuan.
"Una Historia de Vasconia" saioaren azken atala gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.