Itxi

telebista

22:00etan

"Oholtzan Jaia" eta Mattin Lerisseren emanaldi bat, gaur gauean, "Oholtzan"en

EITB

Lehendabizi EITB Jaiaren baitan ospatu zen "Oholtzan Jaia" eskainiko da, non hainbat aupegi ezagunek parte hartuko duten. Ondoren, Matin Larissek Donapaleun emandako kontzertu bat izango da ikusgai.

0:27
Oholtzan jaia

Aste honetan "Oholtzan" saioaren bi emanaldi eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus-en.

Gaueko 22:00etan EITB Jaiaren barruan izan zen "Oholtzan Jaia" ikuskizuna emango da. Musika eta abesti estilo desberdinak biltzen dituen saio berezi hori Bilboko BECen grabatu zen, 300 ikusleren aurrean. Bertan, saioan ohikoak diren musikari eta artista esanguratsuenak izango dira ikusgai.

Aitor Mendizabal bertsolariak emango dio hasiera bertsoak eta musika uztartzen dituen ikuskizunari. Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Korua eta Paz de Ziganda Abesbatzako abeslariak izango ditu lagun ikuskizunaren hasierako abestian.

Bi abesbatza horiek beste hainbat kanta eskainiko dituzte, Mari Paz Arizkunen (Paz de Ziganda) eta Urko Sangronizen (Bilboko Koral Elkarteko Euskeria) zuzendaritzapean.

Halaber, Los Txikis, Bankako Menditarrak, Jaione Olazabal, Guy Saldubehere eta Puro Relajo taldea gauari erritmoa jartzeaz arduratuko dira. Dantzarako tartea ere izango da Andoni Aresti Dantza Eskolako dantzariekin.

Ondoren, 23:00ak aldera, Mattin Lerissek Donapaleun emandako kontzertua eskainiko da. Ibilbide oparoa izan du Lerissek. Hainbat kantaldi egiteaz gain, bi disko kaleratu ditu: Bidez bide eta Gazte naiz gazte.

Folk estiloko musikan maisua da Lerisse, eta larunbateko emanaldian 12 abesti eskainiko ditu: Xoriñoak kaiolan, Hain hurbil eta hain urrun, Erikorra, Gazte naizeno, Ahotsa, Arbasoeri, Amets bat eder, Bortian Ahüzki, Herrien batasuna, Gazte naiz gazte, Kantuketan eta Neska hori.

"Oholtzan" saioa larunbatetan izaten da ikusgai, gaueko 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.