Itxi

telebista

22:00etan

Iparragirre omenduko dute, gaur gauean, "Oholtzan" saioan

EITB

Lehenik Gontzal Mendibil izango da Urretxuko koplariaren azalean, eta ondoren, bere zazpi abesti ikoniko eskainiko dira.

0:30
Gontzal Mendibil Iparragirreren larruan

Jose Maria Iparragirre poeta eta musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko bi saio eskainiko ditu gaur "Oholtzan" saioak.

Lehena, "Iparragirre" izena duena, Gontzal Mendibilek poetaren abestiekin egindako ikuskizuna. Hainbat gonbidatu lagunduta izango da Gontzal ikuskizunean zehar, Bilboko Udal Bandaren eta Bilboko Koral Elkartearen parte-hartzearekin. Tartean izango dira esaterako, Gorka Hermosa akordeoiarekin, Alberto Rodriguez gitarrarekin, edota Marife Nogales eta Ainhoa Tabuyo aktoreak, Iparragirreren bizitzan garrantzitsuak diren bi emakumeren papera eginez. Eta Iñaki Garcia Uribe ere taldeko beste pertsonaia batzuk antzezten.

Bigarren ikuskizunak, "Iparraguirre 7", aurkezten den proposamen eszenikoak Iparragirreren nortasunaren, ibilbidearen eta garaiaren profila azalduko du bere abesti ikonikoenen artean zazpi hautatuta: begirada poliedrikoa ikuspegi desberdinetatik, bere unibertso pertsonalean oinarritutako mintzaira sentsorial eta poetikoarekin, publiko guztientzat modukoa, eta glosa epikotik aldentzen den diskurtsoarekin. Ikuskizunak giza erretratu hori islatuko du bere inspirazio-iturriak (Lurra eta hizkuntza), bere karisma (Bihotza), bere tresnak (Gitarra), bere lan-eremua (Plazara!), edo bere obra ezagunena (Zuhaitza) taularatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak sustatua, zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak, errezitatzeak eta dantza bilduko ditu ikuskizunak. Izan ere, ikus-entzunezkoek testuinguruan jartzen dituzte Iparragirreren obrak Iraia Okinaren ilustrazio bizidunen bitartez, eta Olatz Beobide aktoresa haiek "kontatzen" joango da agertokia Amaia Elizaran dantzariarekin partekatzen duen bitartean.

Alberto Lizarralderen musika-zuzendaritzapean arituko dira Lide Hernando (ahotsa), Beñat Axiary (ahotsa), Sorkunde Idigoras (pianoa, zango-biola, loop-ak, ahotsa), Josetxo Silguero (saxo sopranoa eta baritonoa), Xabi Zeberio (nyckelharp, loop-ak, ahotsa), Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina, efektuak, ahotsa).

"Oholtzan", gaur, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.