Itxi

telebista

23:15ean

"Gabon! Kantatzera Gatoz" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB MEDIA

Politika, kirola, kultura eta euskal gizarteko aurpegi ezagunenak bilduko dira Maddalen Arzallusek eta Julen Telleriak gidatutako galan.

0:33

Aurten, Gabonetan berriz ere abestuko dugu ETB1en eta eitb.eus-en "Gabon! Kantatzera Gatoz" saioarekin. Bizi dugun osasun egoerak baldintzatuta, saio berezia izango da aurtengoa, baina azken urteetako esentziari eutsiko dio. Politika, kirola, kultura eta euskal gizarteko aurpegi ezagunenak bilduko dira gaur, 23:15etik aurrera, Maddalen Arzallusek eta Julen Telleriak gidatutako gala handian.

Besteak beste, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak izango dira saioan.

Kirolak ere bere lekua izango du galan, Maialen Chorraut piraguismoko txapeldun olinpikoarekin, Odei Jainaga xabalina jaurtiketako Espainiako txapeldun eta recordmanarekin, Kerman Lejarraga boxeolariarekin eta Leticia Canales surflariarekin.

Gainera, oraindik jokatzeke dagoen Athleticen eta Realaren arteko Errege Kopako euskal finala ahaztu gabe, talde txuri-urdinean eta zurigorrian historikoak izan ziren jokalariek ere parte hartuko dute: Carlos Martinez, Gorka Iraizoz eta Koikili Lertxundi.

Hain gureak diren herri kirolak eta pilota ere ez dira faltako. Batetik Iker Vicente, Xabier Zaldua eta Irati Astondoa txapeldunak arituko dira, eta bestetik, Oscar Lasa, Aitor Zubieta, Nora Mendizabal, Leire Esnal eta Hilario Olano pilotariak, guztiak kantuan.

Joseba Beloki buru dutela, bestalde, lehen mailako hiru txirrindulari estreinatuko dira musikaren munduan. Pello Bilbao eta Gorka eta Ion Izagirre anaiak hain zuzen ere.

Gure Zirkuako neska-mutilak, Korrika, Euskaraldia, Durangoko Azoka eta ikastolen jaien bultzatzaileak, eta Euskal Herriko hiriburuetako jaietako ordezkariak ere izango dira "Gabon! Kantatzera Gatoz" saioan: Iker Galarza, Joseba Usabiaga, Arrate Illaro, Asier Amondo, Nekane Artola, Nerea Mujica, Onintza Mokoroa, Artzai Goikoetxea, Aritz Redin eta Mikel Amilibia.

Horrez gain, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Xabier Euzkitze eta Maddalen Arzallus bertsolariek omenaldi hunkigarria egingo diote Xabier Leteri bere heriotzaren hamargarren urteurrenean.

Telebista eta irratitik, halaber, Sara Cozar, Miren Arrieta, Jon Olivares, Iñigo Aranburu eta Omar Diop, ETBko "Alardea", "Hondar ahoak" eta "Altsasu" telesailetako aktoreak, eta Dani Alvarez, Ander Arzak, Maite Artola eta Iñaki Guridi Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko kazetariak izango dira hurrenez hurren.

Azkenik, ETBko aktualitate saioetako, "Eztabaidan" eta "Biba Zuek!"eko aurpegi ezagunak ere izango dira platoan: Klaudio Landa, Nerea Rogriguez, Maitane Segurola, Arnaitz Fernandez, Maite Elizondo eta Javier Agirre "Etzabaidan" saiokoak eta Mikel Martinez, Aritz Ganboa, Vidal Salcedo, Marta Elvira, Xabier Sukia eta Ana Goitia, "Biba Zuek!"etik. Gaurkotasuneko beste aurpegi ezagun batzuk ere izango dute tartea: Illaski Serranok, Xabier Ormazabalek, Xabier Madariagak eta Saioa Martijak, besteak beste.