Itxi

telebista

Gaur

Olentzero eta Mari Domingi protagonista, gaur, ETB1en eta ETB3n

EITB MEDIA

Bilboko Arriaga antzokia bisitatuko dute, eta ikuskizuna telebista bidez ikusi ahalko da. Gauean "Olentzero magikoa" saio berezia izango da ikusgai.

  • Mari Domingi eta Olentzero

    Mari Domingi eta Olentzero. Argazkia: EITB

Olentzerok eta Mari Domingik garrantzia berezia izango dute gaurko programazioan ETB1en, ETB3n eta eitb.eus-en.

Hala, Gabonei hasiera emate aldera, Bilboko Arriaga Antzokia bisitatuko dute eta gaur hori ikusteko aukera izango da telebista bidez. Emanaldia ETB1en hasiko da eguerdian (12:15 aldera) eta ETB3n ere ikusgai izango da 13:30 eta 19:30 inguruan. Gaztea irratiko Ainhoa Vitoriak egingo du kontakizuna. Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, aurten Olentzerok eta Mari Domingi ezingo dira ohi bezala kaleetatik barrena ibili, baina egoerak ez die gurera iristeko oztoporik jarriko. Eguerdi aldera Bilboko Arriaga antzokian izango dira ilusio, kolore, musika eta alaitasunez bete-beteta. Segurtasun neurri guztiak kontutan hartuta ikazkin ospetsuak, galtzagorriek, lamiak, eta desfilean parte hartu ohi duten pertsonaiek ikuskizun musikal berezi bat eskainiko dute.

"Olentzero magikoa" saio berezia

Gauean, berriz, Baleuko ekoiztetxeak ETBrentzat ekoiztu duen "Olentzero magikoa" saio berezia eskainiko da: 21:00etan ETB1en, eta 22:55ean ETB3n.

Saioa David R. Losadak zuzenduko du, eta Olentzero eta Mari Domingiz gain, magiaz beteriko fikzioa, gabon kantak, aurpegi ezagunak eta umeekin egindako galdera jokoak uztartuko ditu. Galdera eta haur jokoetan Mitxel Santamaria aktore eta umoristak, Odei Esnaola aurkezle eta kazetariak, Unai Elorriaga idazleak, Ane Pikaza idazle eta ilustratzaileak, Nadeth Agirre Orioko patroiak eta zazpi eta bederatzi urte bitarteko hogei neska-mutilek hartuko dute parte.

Hala, Leire Gotxi abeslariak Hator-Hator kantaren bertsio berezia egin du, Kantu Kolore taldeak Mari Domingi eta Olentzero kantua aurkeztuko du, Euskel Antiqva taldeak ¡Oi Bethleem! abesti instrumentala eskainiko du eta Gasteizko Luis Aranburu udal musika eskolak Olentzero joan zaigu abesti ezagunaren instrumentazio eta ahotsa eskainiko du.

Fikzioa, bestalde, Gorbeiako baso sakonetan, Izenaduba eta Igartubeiti baserrietan eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen grabatu da.

Olentzerok, gainera, bisita egingo du egunean zehar ETB1eko, ETB2ko eta ETB3ko zenbait saiora. Aurten Olentzeroren magia inoiz baino ikusgarriagoa izango da EITBn eta eitb.eus-en, egun guztian zehar.