Itxi

telebista

''Oholtzan'' berezia

"Harria" ikuskizuna Karrantzako Pozalagua kobazuloan, gaur, ETB1en

EITB MEDIA

Mulixa dantza taldeak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaileak "Harria" izeneko ikuskizun berezia eskainiko dute. Ondoren, Durangon ospatutako 25. Txistu Ekitaldiaz gozatzeko aukera izango da.

0:30

Gaur, "Harria Pozalaguan" izeneko "Oholtzan" saio berezia izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:45etik aurrera, Ilaski Serranok aurkeztuta.

Bertan, Mulixa dantza taldeak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaileak "Harria" izeneko ikuskizun berezia eskainiko dute, Karrantzako (Bizkaia) Pozalagua kobazuloetako kanpoaldeko anfiteatro naturalean.

Perurenak harriarekiko duen hausnarketekin uztartuko dituzte musika, tradizioa eta dantzak. Izan ere, harriarekiko duen maitasuna eta pentsaerak islatuko ditu harri-jasotzaileak oholtza gainean, bere alde pertsonala eta barrukoena erakutsiz.

Mulixka dantza taldeak, berriz, dantzen tradizioa eta koreografia berriak eskainiko ditu, Josu Sanchez dantzariak sortuta eta haren zuzendaritzapean.

Halaber, Iñaki Palacios txistulariaren eta bere bandaren zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, Palaciosek egin ditu ikuskizunaren doinuen moldaketa guztiak.

Hala, urte berriko lehen egunean ez dira faltako dantzak eta doinu tradizional zein berriak, ingurune magiko batean.

25. Txistu Ekitaldia, Durangon

Ondoren, aurten 25. edizioa bete duen Txistu Ekitaldia izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Urtero legez, aurten ere, Durangoko Silboberri Txistulari Elkarteak Euskal Herriko txistulariak biltzen dituen Txistu Ekitaldia ospatu du Durangon. Aurtengoa, gainera, urte berezia izan da, 25. urteurrena dutelako.

Zilarrezko ezteiak ospatzeko moduko ekitaldia eskainiko dute, Aritz Labrador zuzendari musikala eta txistularien taldeko zuzendariak eginiko piezen moldaketak aurkeztuta.  

Durangoko Kriskitin dantza taldea, L'Atelier dantza eskola eta Bogoroditsie abesbatza (Ion Ugarriza zuzendari) ere izango dira oholtza gainean. Ana Etxebarria eta Daniel Esteban tango bikoteak ere ikuskizun berezia eskainiko du.