Itxi

telebista

20:00etan

Galdameseko mendiak, gaur, "Escapadas con Joseba Arguiñano" saioan

EITB MEDIA

Enkarterrira (Bizkaia) egingo duen bisitan, Loizaga Dorreko Rolls-Royce auto bilduma bisitatuko du Josebak, eta bizikletan ere ibiliko da Burdin Mendien Bide Berdean.

  • Joseba Arguiñano Galdamesen, Loizaga Dorreko auto klasikoen bilduman

    Joseba Arguiñano Galdamesen, Loizaga Dorreko auto klasikoen bilduman. Argazkia: EITB Media

Gaur, urtarrilak 3, "Escapadas con Joseba Arguiñano" saioaren atal berri bat izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en. Oraingo honetan, Enkarterriko (Bizkaia) Galdames inguruko mendietara egingo du bisita Josebak.

Bere anfitrioia Carlos Glaría izango da, eskualdeari buruz hainbat liburu eta Galdamesen inguruan artikuluak ere idatzi dituen historialaria. Bere eskutik sartuko da Joseba inguru horretako paisaia- eta historia-unibertsoan. Duela gutxi arte, burdina ateratzeko meatzaritza-jarduerak eragin zuzena zuen bertako bizimoduan, eta horren berri izango du Josebak Carlosekin batera arroza txipiroiekin dastatzen duen bitartean.

Zonalde hori jomuga duen ihesaldi batean ezinbestekoa da Loizaga Dorrea bisitatzea. Erdi Aroko dorre berreraikia da, eta bertan ikus daiteke auto zahar eta klasikoen munduko bildumarik onenetako bat. Zehazki, Rolls-Royce bilduma berezia dago bertan, 1910 eta 1998 artean marka mitiko horrek egindako modelo guztiak biltzen dituena Europako bilduma bakarra. Unai Sulibarriak jatetxea du dorrearen ondoan, eta bertan ere izango da Joseba, Unaik prestatutako legatza probatzeko.

Inguruan dagoen ostatu-eskaintza guztiaren artean, bio-eraikuntza bat aukeratuko du Josebak. Rober Condino jabeak 25 urte behar izan ditu dena martxan jartzeko, eta asmoa argia izan da: ahalik eta erosotasunik handiena lortzea, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena eraginez. Josebak egiaztatuko du helburua hori bete duela. Lekuak eskaintzen duen beste esperientzietako bat intsektuei argazkiak ateratzea da eta, ondorioz, prismatikoak albo batera utzi eta kamera hartuko du eskuan Arguiñanok.

Burdinazko Mendien Bide Berdean bizikletan ibiltzera era animatuko da Joseba, eta Nagore Orella Galdameseko Udaleko alkateorde eta Enkarterriko Landa Garapenerako Elkarteko komunikazio arduradunarekin batera eragingo die pedalei. Nagorek azalduko dio nola berrasmatu den eskualdea, meategietako burdina garraiatzen zen trenbide zaharren trazadura 5 udalerriraino doan 42,5 kilometroko bide berde bihurtuz.

"Escapadas con Joseba Arguiñano, Galdameseko mendietan" saioa gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.