Itxi

telebista

Danborrada 2021

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, gaur, 23:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Gainera, asteazkenean haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira ikusgai.

  • Danborrada Gaua 2021 Victoria Eugenia

    Danborrada Gaua 2021 Victoria Eugenian. EITBren bideo batetik hartutako irudia

Gaur, urtarrilak 19, ETB1ek eta eitb.eus-ek San Sebastian eguneko jai handiari hasiera emango dioten bandera igoera eta danborrada eskainiko dute. "Danborrada Gaua 2021" saioa Donostiako Konstituzio plazatik zuzenean eskainiko dute, 23:20an hasita.

Donostiatik, Imanol Artola esataria arituko da gaueko eta Victoria Eugenian grabatutako danborradaren kontakizun guztia egiten. 26 elkartek hartuko dute parte bandera igoeran, bakoitzetik hiru kide. Danbor nagusia Baso Etxea elkarteko Leandro Carro izango da, eta Upel-Errada zuzendaria, berriz, Donostiako Tenis Elkarte Errealeko Irati Enjuto. Hauez gain, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako irakasleen Banda eta Kresala Dantza Taldea izango dira.

Ondoren, Azpeitiko danborradarekin ere egingo du bat saioak. Bertan, Izaro Iraeta izango da, aurten udaleko ekitaldi berezi batekin eta balkoietan danborra joz ospatuko  den danborradaren kontakizun lanak egiten. Behin Donostiakoa bukatuta, Azpeitiko danborrada ere osorik emango da.

"Amamaren danborra"

00:40an, Azpeitiko danborradan emakumeak jotzen hasi zirela 40 urte betetzen direla gogoratzeko Paola Motok zuzenduriko "Amamaren danborra" dokumentala estreinatuko da. 22 herritarren istorioak biltzen ditu, danborra jotzen irten ziren lehen emakumeen ausardia aitortzeko asmoz.

Haur danborrada

Era berean, asteazkenean, 11:55etik aurrera, ETB1en, Donostiako Haurren Danborrada ikusteko aukera izango da. Imanol Artola esataria egongo da kontakizuna egiten, Donostiako udaletxetik egingo du aurkezpena, eta, ondoren, Victoria Eugenia antzokian grabatutako haur danborradari emango dio paso.

29 ikastetxek hartu dute parte, bakoitzetik hiru ikasle. Danbor Nagusia El Carmelo ikastetxeko Eneko Esteban izango da, eta Upel-Errada zuzendaria, ordea, Nora Pradera, Gaztelumendi Txikikoa.

Bandera jaitsiera

Gauean ere, saio berezia egongo da ETB1en, San Sebastian egunari bukaera emateko. 23:25etik aurrera, konstituzio plazatik, Imanol Artolak egingo du ekitaldiaren kontakizuna Victoria Eugenian grabatutako danborradaren irudiak eskainiz.

25 elkartek hartuko dute parte, bakoitzetik hiru kide. Danbor nagusia Gure Borda elkarteko Arantzazu Lersundi izango da, eta Upel-Errada zuzendaria, Intxaurra Elkarteko Braulio Berreiro. Hauek ere arituko dira bertan: Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako irakasleen Banda, Easo Abesbatza eta Goizaldi Dantza Taldea.

Danborradaren filtroak Gaztean

Gaztean, "Danborrada birtuala" antolatu nahi dugu iaz estreinatu genuen Instagrameko filtroarekin. Gazteako Instagramari (@gaztea_irratia) "follow" ematea nahiko du Donostiako jaia behar bezala ospatu nahi duenak filtro hori sakelakora jaisteko.