Itxi

telebista

22:45ean

Lehen kanporatua eta ezusteko albistea, gaur, "El Conquis" saioan

EITB Media

Gaua edukiz beteta dator, tartean, atsekabetuta datorren kanporatua, ezohiko berri bat eta konkistologoek komentatuko dituzten emititu gabeko irudi mordoa.

  • Mikel Arruti "El Conquistador" saioko lehen kanporatua

    Mikel Arruti "El Conquistador" saioko lehen kanporatua. EITBren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioaren hamazazpigarren edizioko lehen eztabaida programan batere pozik ez datorren lehen kanporatua hartuko dute protagonista nagusi. Mikel Arruti donostiarra izan da abentura uzten lehenbiziko lehiakidea, duelurik gabe zortzi kideren botoa jaso ostean. Lehenbiziko eguna gaizki hasi zen talde gorriarentzat, immunitate jokoa galdu, eta zigor gisa taldekide bat kanporatu behar izan zuten, kasu honetan Arruti. Gaur, Patxi Alonsok lehiakidea hartuko du platoan eta bere esperientziaren inguruan solastatuko dira biak.

Beste alde batetik, nesken taldea dago, Atabeytarrak. Edizio honetako lehen ikurrina altxatzea lortu zuten berdeek. Beraz, taldekide denek jarraituko dute abenturan eta, gainera, kanpamentu aberatsean biziko dira. Gaur, "El Conquis" saioak nesken garaipenari buruzko material berria erakutsiko du eta, garaipena nola ospatu zuten ikusiko dute zaleek.

Horrez gain, euren taldeekin elkartzeko zain daudela, Duranaren eta Seletaren lehen orduak nolakoak izan diren jakingo dugu. Baina bada oraindik jaberik ez duen kapitain motxila bat. Abenturaren jarraitzaileek asteazken honetan jakingo dute nork eramango duen Karibera motxila hori. Eta hau dena gutxi balitz, eztabaidan zehar ustekabeko albiste bat emango dute. Benetan ohiz kanpoko berria, inortxok ere susmatzerik ez duena.

Bestalde, Patxi Alonsok hurrengo immunitate jokoa aztertuko du Mikel Artola coacharen laguntzarekin. Proba honen aurrerapena eskainiko dute, eta bideoan taldeek euren kapitainekin topo egingo duten unea erakutsiko dute. Gainera, talde urdinak kanpamentu txiroan eta talde gorriak kanpamentu are txiroagoan egin duten lehen gaua nolakoa izan den jakingo dugu.

Gaua edukiz beteta helduko da: atsekabetutako kanporatua, ezusteko albistea, kapitain berria eta ikusi gabeko material ugari. Eta hau guzti hau komentatzeko Juanito, Eneko, David, Eider, Isa eta Leire konkistologoak platoan izango dira.

Baina platoko gonbidatuak ez dira iritzia emateko aukera izango duten bakarrak. "El Conquis" saioak, iruzkinak eta memeak jasotzeko, bere sare sozial guztiak jartzen ditu entzuleen eskura. Twitterren, Instagramen eta Tik Token bidez zuzenean komunikatu daitezke jarraitzaileak, Isma Pereirari eta Oizeder Mayori esker, Gaztea Connection gunean.

"El Conquis" saioa gaur izango da ikusgai, 22:45ean, ETB2n eta eitb.eus-en.