Itxi

telebista

''El Conquis''en 6. atala

Undak Xabi "legenda argala" kanporatu du

Berdeek tirolinaren jokoa irabazi dute, urdinak bigarren izan dira eta gorriak, azkenak. Undaren aurka aritu da Xabi arrabolen dueluan, baina azkenean leioarra etxera joan da, lehia estua izan arren.

  • Xabi, burumakur

    Xabi, burumakur. EITBren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioko 6. atalean, talde urdinak Xabi galdu du, karisma gehien duen kideetako bat. Arrabolen dueluan hiru saiakera egin behar zituzten bai Xabik eta bai Undak, eta txanda gehien irabazten zituenak jarraitzen zuen abenturan. Bigarren txandan, oso parekatuta egon dira, Palomak babes handia eman dio Xabiri eta horrek asko lagundu dio. Baina azkenean, ezin, eta Undak irabazi dio. Bere bizitzako esperientzia bizitzen ari omen zen Xabi, eta ez zuen etxera itzuli nahi. Hortaz, bere ateraldi dibertigarriekin Corocote taldea girotzen zuen kidea galdu dute urdinek.

Seletak hartu du Xabi izendatzeko erabakia, batik bat, immunitate jokoan ezin izan duelako tirolina gurutzatu. Froga amaitu denean, twerkingaren erregeak faltan bota ditu taldekideen animoak; tirolina gurutzatzeko gaitasuna ba omen zeukan, aldez aurretik entrenatzen ibilia zelako, bere hitzetan. Kapitainarentzat, Xabi ez zen ahulena, ezta indartsuena ere, baina, halere, duelura bidaltzea erabaki du.

Egia esan, tirolinaren immunitate jokoan, lehia oso estua izan da eta emozioz beterik egon da amaierara arte. Ordu laurden iraun du probak. Urdinak atzetik hasi dira, nabarmen, baina zailtasunak gainditu eta besteekin batera iritsi dira. Luzapenean erabaki da guztia. Esterrek tirolina gurutzatzea lortu du, hainbat alditan huts egin ondoren. Neskek erakustadi ederra egin dute, beraien arteko desadostasunak alde batera utzi eta talde lana egin dutelako. Olatzek ere merezi du aipamen berezia; izan ere, ez du amore eman, eta berari esker gelditu da bigarren talde urdina.

Yocahu taldeak, aitzitik, kale egin du berriz ere. Oraingo honetan, baliteke Manu kapitain ohiaren falta sumatu izana; haren indarra, bereziki. Soka tenkatzen asko nekatu dira, eta, ondorioz, luzapenean ez die berdinketa hausteko denborarik eman, gainerako taldeak azkarrago aritu baitira. Gainera, Undak ez die taldekideei jokoaren dinamika ongi azaldu, eta bera izendatzea eskatu du. Gorriek egindako bileran, Undak sei boto jaso ditu eta Oskarrek, berriz, lau. Halere, Eakoak David aukeratu du duelura joateko, bietatik Unda bera hautatuko balute, nahiago lukeelako Astigarragakoa laguntzaile lanetan izan beste edonor baino.

Atal zirraragarri honen ostean, argi dago lehia inoiz baino estuago dagoela eta edozer gerta daitekeela. Bada, ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.