Itxi

telebista

''El Conquis''en 7. atala

Juan eta Aranda kanporatu dituzte duelu oso gogorraren ondoren

EITB Media

Biak kanporatu dituzte ezin izan dutelako laugarren banderatxoa lortu dueluan, eta hori zen abenturan jarraitzeko gutxienekoa. Berdeek irabazi dute labirintoan, eta gorriak izan dira azkenak.

  • Aranda eta Juan duelua hasi aurretik

    Aranda eta Juan duelua hasi aurretik. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Abentura gero eta gogorragoa da eta lehia ere egunetik egunera gero eta estuagoa da "El Conquistador del Caribe" saioan.  7. atalean, talde gorriak eta urdinak kolpe latza jaso dute, Juan eta Aranda kanporatu baitituzte. Amorerik eman ez duten arren, dueluan ez dira gai izan laugarren banderatxoa lortzeko, eta, beraz, talde biek galdu dute lehiakide bana. Gainera, astetik astera gero eta nabariagoa da berdeekiko aldea; neskek berriz irabazi dute immunitate jokoa, eta, beraz, taldeak ia-ia osorik jarraitzen du.

Egian esan, labirintoaren jokoa emozioz beterik egon da amaierara arte. Atabey eta Corocote taldeak une berean irten dira labirintotik, baina neskek lortu dute ikurrina, azken unean Paino gainerako taldekideengandik askatu delako. Yocahu taldeak, ostera, ez du apenas aukerarik izan. Binbi neskek aukeratu dute talde gorriko kiderik traketsena, eta ez dira oker ibili. Hasiera-hasieratik, galduta ibili da. Mikelen argibideei esker, atzera egin eta akatsa zuzendu duen arren, behin barruan, erdialdera jo eta beste taldekideekin elkartu beharrean, labirintoa gurutzatu eta beste aldetik irten da.

Jokoaren ondoren, talde gorriak ezin izan du Binbi izendatu; izan ere, neskek immunitatea eman diote eskoriatzarrari. Arandak orduan bere burua aurkeztu du duelura joateko, hasierako egunetik zuen arantza kendu nahi baitzuen. Baina, azkenean, abenturatik at geratu da.

Saioan orain arte izandako ibilbidea aztertzen hasi dira mutilak; sei immunitate jokotatik bakarra irabazi dute eta kanpamentu oso txiroan lau aldiz izan dira. Hori gutxi balitz bezala, hiru taldekide eta kapitaina bera galdu dituzte. Duquek, esaterako, kapitaina ez izateak kalte egin diela uste du, baina besteak ez dira iritzi berekoak. Argi dagoen bakarra da mutilek estrategia aldatu beharra dutela, animo eta indarrek okerrera gehiago egin ez dezaten.

Zalantza izpirik gabe, neskak dira garaile handiak. Kanpamentu aberatsera itzuli, eta sari bikaina izango dute zain, hurrengo joko eta probei begira indarrak berreskuratzeko baliagarria izango dena: txuletak, patata erreak eta ardoa. Taldeko giroa baretzeko eta beraien arteko liskarrak ahazteko balioko ote du garaipen honek?

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.