Itxi

telebista

“El Conquis”en 11. atala

Ezustekoa Los Haitisesen; Corocote taldea garaile, eta Maria lehiaketatik at

Urdinak gogotik ahalegindu dira kanibalen jokoan eta gorriek baino 500 g haragi gehiago lortu dute. Berdeak ostera, oso atzetik geratu dira eta lehendabiziko bilera izan dute, tentsio uneekin.

  • Maria, agur esaten

    Maria, agur esaten. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Beraien egoera okerra zuzentzeko premia handia zuten urdinek. Nekatuta eta gosetuta zeuden, eta norabidez aldatu beharra zeukaten, bai ala bai. Eta horixe bera egin dute "El Conquistador del Caribe" saioko 11. ataleko immunitate jokoa irabazita. Ez hori bakarrik, Atabey taldea azkena geratu da, kanpamendu oso txiroan inoizko gaurik txarrera igaro dute, eta dueluan, Mariak agur esan behar izan dio abenturari.

Egia esan, kanibalen jokoan bikain aritu dira urdinak. Seleta izan da txerrira iristen aurrena eta noski, zatirik pisutsuenetakoa eskuratu du, gibela. Lehia oso estua izan dute Cococote eta Yocahu taldeko kideek. Azkenera arte izan da zirrara, biek lortu baitute haragi pusketa dezente. Baina, urdinek gorriek baino 500 g gehiago lortu dute, guztira, 6,5 kilo. Kilo erdiko aldeak lasaitasuna ekarri die urdinei, ez dute inor izendatu behar izan eta kanpamendu aberatsera joan dira zuzenean hain beharrezkoa zuten atsedena hartzera.

Berdeak ostera oso atzetik gelditu dira. 3,5 kilo haragi lortu dute eta, 10 atalen ondoren, kanpamendu oso txiroa ezagutu dute azkenean, eta nola ezagutu ere. Euria gogotik egin du gau osoan eta "El Conquis"eko saioaren historian lehiakideek ezagutu duten gaurik okerrenetakoa izan da.

Atabey taldeko kideek bestalde, lehendabiziko bilera izan dute eta, espero bezala, tentsio uneak izan dituzte, askok Maialen izendatu dutelako. Arraunlari donostiarrak zazpi boto jaso ditu eta, ez hori bakarrik, elkarbizitzan ekarpen handirik ez egitea egotzi diote. Maialenek ez zuen halakorik espero eta negarrez hasi da. Durana berriz, ez dago ados taldekide askok hartutako erabakiarekin, eta Maria izendatu du, Maialenen laguna eta “gaztetxoen” taldekoa.

Talde gorriak berriz, Patxi bidali du duelura, eta azken honek Mariaren aurka lehiatzea erabaki du. Sua eta tirolinaren duelua gogorra izan da, oso, euri eta haize asko zegoelako, eta horrek zaildu egin du jokoa bera. Zuzia piztuta mantentzea lan ederra eman die biei; are gehiago, hainbatetan atzera egin behar izan dute.  Baina azkenean, Sarasokoak proba bukatzea lortu du eta hala, edizio honetan, bi duelu irabazi dituen lehiakide bakarra bihurtu da.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.