Itxi

telebista

''El Conquis''en 14. atala

Maialen lehiaketatik kanpo, Cacata taldeko kide askok izendatu ostean

EITB Media

Cacata taldeko hiru kide joan dira duelura, taldeak immunitate jokoa galdu ondoren; Leirek lortu du ibilbide guztia osatzea lehendabizi, Andrea bigarrena izan da, eta Maialen berriz, azkena.

  • Maialen, 14. ataleko kanporatua

    Maialen, 14. ataleko kanporatua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Bazirudien abenturaren fase berri hau bere alde zuela Maialenek; lagun berriak egin ditu eta Atabey taldeko hainbat kiderekin izandako hika-mikak iraganeko kontuak ziren. Baina lasaitasunak ez dio asko iraun, janariak eta kanpamendu aberatseko egonaldiak iraun dutena zehazki. "El Conquistador del Caribe" saioko 14. atalean, Cacata taldeak immunitate jokoa galdu du, eta orduantxe hasi da arraunlariaren amets gaiztoa. Izan ere, taldekideen jomugan dago berriz ere. Orain ordea, bost boto jaso ditu, eta apur bat parekatuagoak egon dira izendapenak; Leirek beste lau boto jaso ditu, eta Txintik berriz, hiru. Hori bai, guztiak emakumezkoak dira, neskek ez baitute akordiorik egin mutilen bat arriskuan jartzeko eta.

Eta hori gutxi balitz, Enekok Leire aukeratu du duelurako, taldeko kideen iritziari kasu eginez, haren esanetan. Ez du kontuan izan Cuyaya taldeak beste emakume bat hautatu duela;  Andrea. Ondorioz, izendatutako guztiak emakumezkoak dira, eta duelura hiru hauek joan dira azkenik; Andrea, Maialen eta Leire. Ibilbide bat egin behar izan dute kupel baten gainean; ondoren, kupela jaso eta 10 segundoz airean eutsi behar izan diote. Emozioz beterik izan da amaierara arte, baina Leirek bukatu du lehendabiziko postuan, Daviden laguntzaz. Leirek, benetan hunkituta eta malkotan, hainbat aldiz erakutsi dio bere esker ona.

Andreak gehiago sufritu du, pikarokeriaz jokatu du, baina Julianek hainbatetan aurpegiratu dio hori, eta urduri jarri du Atabey taldeko kide ohia. Azkeneko unean, Joanaren laguntzaz, kupela altxatzea lortu du, eta iaztik zuen arantza kendu du behingoz.

Taldeak nahiko parekatuta daude une honetan. Talde beltzak kanpamendu aberatsera itzultzeko asmoa zuen goizean goizetik eta aldarte horrekin joan da lehiatzera. Ondo hasi dute immunitate jokoa, eta alde dezente atera dioe Cacata taldeari. Baina, garrantzitsuena ez da nola hasten den, nola bukatzen den baizik. Eta halaxe, David Secoren taldeak egoerari buelta eman, kaiolatik azkar batean irten, eta ikurrina eskuratu du. Hori bai, polemika piztu da oraingoan ere, Cacata taldekoek protesta egin dute beraien lur eremuan sustrai gehiago zeudela argudiatuta.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.