Itxi

telebista

''El Conquis''en 17. atala

David abenturatik at, masprezaren jokoan taldea kanporatu eta ondoren, duelua galduta

EITB Media

Astigarragakoa zen "El Conquis" irabazteko faboritoetako bat, baina duelura joan eta Cacata taldeko "ardi beltzen" aurka galdu du; Leire eta Aitor, biak ala biak Corocote taldeko kide ohiak.

  • David Garcia agur esaten

    David Garcia agur esaten. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Aurtengoa, ez bairik gabe, sorpresaz betetako edizioa da. Indartsutzat eta faboritotzat ditugun lehiakide asko kanporatu egin dituzte abenturako bigarren fase hau hasi zenetik. Los Haitises uzten azkena David izan da, hain justu. Cuyaya taldeak duelura joateko aukeratu du, gaitasun handiko lehiakidetzat zutelako eta apur bat ahultzeko helburuarekin.

Ezer gutxi balio izan diote taldekideen laudorio eta hitz goxoak, tumbapalo izeneko dueluan ezin izan baitu bere ontzia bota. Leire nagusitu da, beste behin, eta Daviden eta Aitorren arteko aurrez aurrekoan, Muskizekoa, Yanci laguntzaile lanetan zuela, gogor lehiatu da harik eta David kanpoan utzi arte.

Cacata taldeko ardi beltzen aurka galdutako duelua izan da. Lasartearrak jaso ditu taldekide guztien botoak, Corocote taldeko kide ohiarena izan ezik. Zortzi guztira. Baina horrek kikildu beharrean, indartu egin du eta mendeku gosea piztu zaio. Bestalde, kapitainak  Aitor aukeratu du eta Txintiri beste aukera bat eman dio; izan ere, kanpamendu txirora bidean, berriz ere min hartu du, hori kasualitatea. Gauzak horrela, Leire eta Aitorren izendapenak polemikaz beteta egon dira eta ikusteko dago gainerako taldekideen aurpegia David kanpamendura itzultzen ez dela ikustean.

Aurrerantzean erne egon beharko dute lehiakideek, gertatutakoak duelu batean edonor kanpora dezaketela erakusten baitu. Eta Enekorentzat ere ohartarazpena izan da, bere erruz taldea lehiatik kanpo gelditu baita immunitate jokoan. Isilik egon behar zuten, ezin zuten inolako agindurik eman. Binbik bakarrik zuen taldea zuzentzeko ardura. Deskalifikatu ondoren, arraunlari ohiaren haserrea berebizikoa izan da eta Cuyaya taldearen mesedetan aritzea leporatu dio saioari.

Cuyaya taldeak berriz, pozik hartu du erabakia. Are gehiago, jokoan aurretik joan dira uneoro, talde lan aparta egin dute, isilik, eta Begok gidatuta. Kanpamendu aberatsera iristean, ospakizun handia egin dute, patata tortilla eta ardoa ikusita. Dudarik gabe, egonaldi honek talde horia indarberrituko du.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.