Itxi

telebista

''El Conquis''en 23. atala

Patxi eta Oskar beteranoak kanporatu ditu Nahiak makila mozkorren dueluan

EITB Media

Yancik irabazi du argi-zuzia busti gabe mantentzeko jokoa, eta Oskar izan da azkena. Nahiak beteranoak kanporatu ditu bileran Duqueren traizioa jasan duela salatu ostean.

  • Patxi eta Oskar irribarretsu

    Patxi eta Oskar irribarretsu. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Finalaren atarian kanporatu dute Patxi, joan den urtean bezala. Arabarraren mamuak berriz agertu dira "El Conquistador del Caribe" saioaren 23. atalean, eta Yancik duelura joateko laugarren izendapenarekin harrapatu du ezustean. Sorosleak zalantzarik gabe bidali du Yocahu taldeko kide ohia duelura, itzuliko zelakoan, baina ez da horrela izan. Patuak, gainera, Oskar saioko beste beteranoa jarri du Patxiren aurka; azkena izan da immunitate jokoan, eta zuzenean joan da duelura. Biak joan dira dueluan guztia eman eta finalerako bidean jarraitzeko asmoz, baina Nahiak bertikalean zegoen zutoina igo eta banderatxo bat hartzea lortu du, eta dagoeneko hiru duelu gainditu dituzten bi lehiakideak kanporatu ditu.

Immunitate jokoan izugarrizko saria zuten zain konkistatzaileek: buffet bat. Argi-zuzia busti gabe eta sugarra piztuta gehien mantentzen zutenek izan dute denbora gehiago bertan jateko. Yancirentzat erronka zen uretako proba; izan ere, ordura arte ezer gutxi erakutsi du Errenteriako sorosleak. Bukaeraraino mantendu du lehor zuzia Yancik, eta, beraz, 15 minutu izan ditu tripakada edarraz gozatzeko. Hori bai, Yocahu taldeko kide ohiak Binbi lagunari eman dio immunitatea, azkenaldian erdi etsita eta lehian jarraitzeko indarrik gabe baitzegoen. Hunkitu egin da Eskoriatzakoa, eta aitortu du atsedenaldi horrek animatu egin duela txikitatik izan duen ametsetako bati eusteko: konkistatzailea izatea.

Finala gero eta hurbilago dago, eta dagoeneko ia inork ere ez du zalantzarik taldekide ohiak arriskuan jartzeko, nahiz eta batzuetan hori traiziotzat hartzen den. Beste hainbat Yocahuk bezala, Duquek Nahia izendatu du duelura joateko, eta Nahiak traiziotzat hartu du. Honako hau esan du nafarrak: "Batzuek, bizirik irauteko, ama ere saltzen dute". Atabey taldeko kide ohiak bazekien duelura joateko aukera handiak zituela, baina min eman dio Cuyaya taldeko kide ohiak zalantzarik gabe duelura bidaltzeko botoa berari emateak. Ikusteko dago nola hartzen duten gainerako lehiakideek Nahiaren itzulera eta atsedenik ematen dioten hurrengo immunitate proba irabazten ez badu.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.