telebista
Kirolak
Arrauna, pilota eta herri kirolak osatuko dute asteburuko kirol eskaintza
EITB Media
Zarauzko Ikurrinaren bi jardunaldiak, Gernikako Grand Slam zesta punta txapelketako finalerdiak, Igeldoko Harria Txapelketa eta Azkoitiako pilota partidak izango dira ikusgai.
-
Kirol emanaldi eskaintza zabala asteburuan ETB1en eta eitb.eus-en
Kirol eskaintza betea izango dugu asteburu honetan ETB1en eta eitb.eus-en.
Batetik, arrauna. Larunbatean, Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia izango da ikusgai. Euskotren Liga eta Eusko Label Ligako traineruak nor baino nor arituko dira 17:30etik aurrera. Igandean, berriz, bigarren jardunaldiaren emanaldia 11:20ean hasiko da. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik egingo dute kontakizuna, eta Sara Gandarak elkarrizketak.
Larunbat gauean, zesta punta emankizuna izango da 22:15ean. Gernikan jokatuko den Jai Alai Grand Slam World Tour Series jaialdiaren finalerdiak eskainiko ditu ETB1ek. Xabier Euzkitzek, Iñigo Gorostolak eta Olatz Foruriak egingo dute partidaren kontakizuna.
Igandean, ohi denez, herri kirolei ere jarriko diete arreta. Goizean, 11:00etan, Aian jokatutako Gipuzkoako Nesken Harrijasotze Txapelketa emango da. Bazkalostean berriz, Juanan Legorbururen eta Gibetegiren eskutik, Igeldon jokatutako Harria Txapelketa izango da ikusgai. Gorka Etxeberria, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Paulo Larrañaga, Mikel Lopetegi, Alex Merlo eta Beñat Telleria harrijasotzaileak arituko dira nor baino nor.
Azkenik, esku pilotaren txanda izango da. Azkoitiako pilotalekuan jokatuko den Dario-Erostarbe/ Zubizarreta III-Uriondo norgehiagokarekin hasiko da emanaldia 17:00etatik aurrera. Ondoren, Altuna III-Aranguren bikotea Peña II-Rezusta bikotearen kontra arituko da.