Itxi

telebista

EITB Albistegiak

Platoa utzi eta Donostiatik egingo dituzte gaur ETBko albistegiak

EITB Media

Donostiako Banderaren egun handiaren aitzakian, Bilboko platoak utzi eta itsasoari begira arituko dira Jonan Apaolaza eta Ana Ramos "Gaur Egun" albistegirako, Xabier Ormazabal eta Jose Ituarte "Teleberri"rako, eta June Ansoleaga eguraldi iragarpena egiten.

  • Telebistako albistegi taldea.

    Telebistako albistegi taldea. Irudia: EITB.

Erronkaz beteriko ikasturte zirraragarri bat izango da aurtengoa EITBko albistegi zerbitzuentzat. Albistea dagoen lekutik bertatik, kaletik, herritarrei berri ematea izango dute helburu nagusi, eta hala egingo dute datozen egunetan.

Astelehenean ekin zieten denboraldi berriari ETBko Albistegiek kaleko presentzia indartzeko asmoz, eta halaxe egingo dute gaur bertan, Bilboko platoak utzi eta Donostiara joanez.

Estropada eguna da Gipuzkoako hiriburuan, Kontxako Bandera jokatzen den egun handia. Itsasoa atzean dutela aurkeztuko dute eguerdiko "Gaur Egun" albistegia Jonan Apaolazak eta "Teleberri" Xabier Ormazabalek. Bertatik arituko dira baita ere kirol tartean Ana Ramos eta Jose Ituarte eta eguraldiaren iragarpena egiten June Ansoleaga.

Donostiako Udalak Aiete auzoan duen Talent-House eraikineko terrazatik egingo dute eguneko albisteen kontakizuna Jonan Apaolazak eta Xabier Ormazabalek. Alboan izango dituzte, kirol informazioaren tartea aurkezteko, Ana Ramos eta Jose Ituarte. Hauek Kontxako pasealekuarekin bat egingo dute, eta bertatik Sara Gandarak azalduko du kirol hitzordu garrantzitsu honek eman duena. Bestalde, June Ansoleagak Urgulletik gidatuko du "Eguraldia" saioa.

Estrasburgo eta Gasteiz, hurrengo irteerak

Datorren asteazkenean, irailak 15, Europar Batasunaren egoeraren eztabaida egingo den egunean, "Egun On Euskadi" goizeko albistegiaren zati bat Estrasburgotik egingo du Nerea Reparazek, euskal europarlamentariak elkarrizketatuz.

Ostegunean, hilak 16, berriz, Gasteiztik egingo dira gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak. Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko plenoa dela-eta, Andre Maria Zuriaren plazatik arituko dira Yerai Diaz Ikaran eta Juan Carlos Etxeberria.