Itxi

albistea

Audientziak

ETBk bigarren postua berreskuratu du telebista autonomikoen artean

EITB

EITB

Telebista-katearen une ona adierazten dute datuek eta programazio saioen estreinaldiaz balantze ona egin dute.

  • Ai ama! | EITB

    'Ai ama!' saioa. Argazkia: EITB

Astearte honetan, otsailaren 28an, EITBko Administrazio Kontseiluaren aurrean otsaileko ETBko emaitzen berri eman du EITBko zuzendaritzak. ETBren momentu ona erakutsi dute emaitzok, telebista autonomikoen artean bigarren postua berreskuratu baitu Catalunyako Telebistaren atzetik. Otsailaren 1etik 26ra ETBk %12,9ko audientzia lortu du. 2011ko urte amaierako datuarekin alderatuta puntu eta erdi gehiago du ETBk. Katez kate, ETB-1ek %1,8 du eta ETB-2k %9,9, urtarrilean baino bederatzi hamarren gehiago. Halaber, ETB-3 eta ETB Sat bere horretan gelditzen dira: ETB-3k %0,8 du eta ETB Sat-ek %0,4.

ETBn estreinatutako saioen estreinaldiaz ere balantze ona egi du EITBko zuzendaritzak Administrazio Kontseiluaren aurrean. ETB-2n, esaterako 'Transición y Democracia en Euskadi' dokumental sailak bataz beste %11,3ko audientzia eskuratu du eta 'De Boca en Boca' saioak %10,9. Horrez gain, ETB-1en abian jarri diren 'Ai Ama!' eta 'Bisitaria'k, euren ordutegietako aurreko emaitzak hobetu dituzte.

Eitb.com-eko aplikazio berriak sakeleko telefono eta antzeko gailuetan

Bestalde, astearteko bileran eitb.com-ek 2012rako dituen helburuen berri ere eman diete Administrazio Kontseiluko kideei. Smartphone eta antzeko gailuetara egindako aplikazioak sendotzea da asmo nagusietako bat. Eitb.com-eko app-a prest dago Applestore eta Market-en. Aplikazio horrek honako aukera hauek jartzen ditu eskuragai: eitb.com-eko berriak, EITBko eko irratiak zuzenean; emandako azken 'Teleberri' albistegia eta bideo nabarmenak. Une honetan, tablets gailuetako aplikazioak lantzen dabiltza ekarpen berriekin: bideoak berriekin; zuzeneko telebista; eitb nahieran; albistegien tartea; Gaztea eta hiru3 gaztetxoenen gunea. Maiatzera edo ekainerako prest egotea espero dute.