Itxi

telebista

Gabonzaharreko bereziak

Umorea, dibertsioa eta musika ETB2n Gabon zaharrean

EITB MEDIA

"Ez da posible!" bilduma dibertigarria, "Ene!Flix" ikus-entzunezkoen parodia barregarriak eta "Ura bere bidean" kontzertu anitza dira gau berezi honetarako osagaiak.

  • "Ene!Flix" gabonzaharreko bereziaren irudia. EITB MEDIA

    "Ene!Flix" gabonzaharreko bereziaren irudia. EITB MEDIA

Umorez eta barrez beteriko gaua prestatu du ETB2k gaurko. "Teleberri" albistegiaren bigarren edizioaren ostean, "Ez Da Posible!" bildumak ETBren iraganeko gabonetako harribitxiak berreskuratuko ditu; ondoren, "Ene! Flix" umore saioaren txanda izango da, eta film eta telesaila ezagunenen esketx eta parodia dibertigarriak ekarriko ditu. Mahatsen osterako, berriz, "Ura bere bidean" ikuskizun korala programatu du ETB2k, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.

"Ez da Posible!"

"Ez da Posible!" saioak ETB2ra jauzi egingo du abenduaren 31n, 22:00etan. ETBko garai bateko Gabonetako spotak, Gabon kantak gure gizarteko aurpegi ezagunekin, umorezko esketxak Olentzero eta Mari Domingi protagonista direla, eta urte berriko hainbat saiotako une garrantzitsuak bilduko ditu programa bereziak.

Ikusleengan barrea, harridura eta sinesgaiztasuna eragingo dituzte berezi honetako atalek. Cosas del Directo tarteak zuzeneko saioen arriskuez ohartaraziko gaitu; gure lehen kateko unerik nabarmenenak erakutsiko dizkigu beste atal batek; Top Top atalak ezusteko rankingekin harrituko gaitu; eta, azkenik, Musikaldia arloak telebistako musika minutu onenei errepasoa egingo die.

'Ez da posible'' Gabonetako berezia

'Ez da posible'' Gabonetako berezia

"Ene!Flix"

23:00etatik aurrera, "Ene! Flix" umore saioa eskainiko du ETB2k. Esketx dibertigarrien programa da, eta hari nagusia streaming plataforma baten ikus-entzunezko edukiak izango dira. Saioak zapping bat egingo du katalogoaren aukeretan barrena; eta telesaila, film, dokumental eta programa ugariren parodiak eskainiko ditu, hala nola "Soso en casa", "El Juego del Calamar… a la Romana", "Amamazon prime", "Normaland" edo "Cómo conocí a vuestra ama" aski ezaguna.

Patricia Urrutia, Paco Revueltas, Miriam Cabeza, Borja Perez, Lorea Intxausti eta Ander Rovira izango dira "Ene!Flix" umore tarteko aktore nagusiak.

"Ura bere bidean"

Fair Saturday mugimenduak antolatutako "Ura bere bidean" ikuskizuna abenduaren 10ean grabatu zuen Euskal Telebistak Bilbao Arenan. Euskal Herriko artista ezagunek, Fernando Velazquezek moldatutako euskarazko kantu esanguratsuen bertsioak interpretatuko dituzte. Oholtzan ikusiko ditugu Huntza, Eñaut Elorrieta, Pello Reparaz, El Drogas, Idoia, Doctor Deseo, Aitor  Gorosabel, Mikel Urdangarin, Aiora, Coral Bilbao, Mabü, Alex Sardui, Iñigo Etxezarreta, Olatz Salvador eta Sua. Talde eta abeslariek Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea izango dituzte lagun eszenategi gainean.  

'Ura bere bidean' kontzertuaren une bat

'Ura bere bidean' kontzertuaren une bat