Itxi

telebista

20:00etan

Mendaza Nafarroako udalerria, arratsaldean, "Historias a Bocados" saioan

EITB Media

Lizarrako merindadearen mendebaldean dago, Berrotza haranean, laborantza lurrez, mendiez eta basoz inguratuta. Pedro, Esther eta Fernando ezagutuko ditu bertan Joseba Arguiñanok.

  • Joseba Arguiñano Mendazako hiru hankadun zurbeltz ikusgarrian

    Joseba Arguiñano Mendazako hiru hankadun zurbeltzean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Mendaza udalerrira egingo du bisita gaur Joseba Arguiñanok "Historias a Bocados" saioan. Acedo, Asarta eta Ubago kontzejuekin batera izen bereko udalerria osatzen duten herrietako bat da Mendaza, Lizarrako merindadeko mendebaldean. 100 bat biztanle ditu, eta Berrotza haranean dago, laborantza lurrez, mendiez eta basoz inguratuta

Bertako ikurretako bat zuhaitz berezi bat da: hiru hankadun zurbeltz ikusgarria, 1.200 urte inguru dituena. Pedro Alecharen eskutik ezagutuko du Josebak zuhaitzaren historia eta izenaren zergatia. Ondoren, zapoa prestatuko dute, hirugiharrean bilduta, zigalekin eta angulekin.

Mendazako zuhaitz ikusgarria

Mendazako zuhaitz ikusgarria

Esther Ortigosak ere istorio asko ditu Josebarekin partekatzeko. Baratzean karduak hartuko dituzte, etxeko kardu errezeta tradizionala egiteko. Nafarroako plater tipiko hau elkarrekin dastatuko dute, eta Estellerriaren despopulazioaz hitz egingo dute. Josebak  Estherren alde artistikoena ere ezagutuko du, eta jotak abesten dakiela eta betidanik margotzea gustatu izan zaiola deskubrituko du. Joseba bere herrian dagoela aprobetxatuz, erretratu bat egin nahiko dio Estherrek.

Fernando Álvarez 27 urteko gaztea da. Lizarrakoa baldin bada ere, Mendazara bizitzera joatea erabaki zuen, arbasoen herrira. Etorkizuneko proiektu bat du: Garai bateko ofizioekin bizibidea ateratzea. Oraingoz erlezaina da, eta 200 bat erlauntza ditu. Ikazkina ere bada, eta landare-ikatza saltzen du. Fernandok txerri-karrillerak jarriko ditu mahai gainean, baita txorizoa, txistorra eta etxeko eztia ere.

"Historias a Bocados" saioa gaur izango dugu ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.