Itxi

telebista

Audientziak

Binakako Txapelketako finala, igandeko saiorik ikusiena Euskadin

EITB Media

ETB1ek % 5,5ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 10,9ko kuota izan ditu igandean. ETBren lehen kanalarekin bat egin duzuen guztiei, eskerrik asko!!

  • Binakako Txapelketa finalaren irabazleak.

    Binakako Txapelketa finalaren irabazleak.

Eskuz Binakako Txapelketako finalaren zuzeneko emanaldia igandeko saiorik ikusiena izan da Euskadin. Norgehiagokak lidergoa eskuratu du bere ordu tartean, azken bost urteetako audientziarik onenarekin: % 19,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 34,4ko kuota, telebistako audientzia lineala eta kontsumo diferitua kontuan hartuta. Halaber, 246.000 ikus-entzulek bat egin dute norgehiagokarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan.

Igandeko partida azken urteetako finalik gogor eta zirraragarriena izan da. Jokin Altuna eta Julen Martija gailendu dira, Unai Lasok eta Ander Imazek osatutako bikotea 22 eta 20 irabaziz.

Bilboko Bizkaia pilotalekutik zuzenean, Xabier Euzkitzek Abel Barriolarekin batera gidatu dute emanaldi berezia eta Elena Azpeitiak protagonisten adierazpenak bildu ditu. Finalaren ondoren, Jon Balentziagak gidatutako solasaldia izan da ikusgai. Berarekin, Olatz Arrizabalaga, Abel Barriola eta Pedro Mari Goikoetxea aritu dira norgehiagoka aztertzen.

ETB1ek % 5,5eko audientzia zatia eta euskaldunen arteko % 10,9ko kuota eskuratu ditu igandean, urteko daturik onena. ETBren lehen kanalarekin bat egin duzuen guztiei, eskerrik asko!!

EITB Pilotari Onena Saria Unai Lasorentzat

Bestalde, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak Unai Lasori eman dio EITB Pilotari Onena Saria, txapelketan gailendu eta lehiaketa osoan zehar joko bikaina erakusteagatik. Bigarren urtez eman du EITBk saria; iaz Jose Javier Zabaletak lortu zuen golardoa.

Lehiaketan zehar, asteroko jarduna kontuan hartuz, pilotari onenaren sailkapena argitaratu du EITBk. Binakako Txapelketaren jardunaldi bakoitzaren ostean, EITBko pilota adituek 0tik 10era bitarteko puntuazioa eman diote pilotari bakoitzari, EITB Pilotari Onenaren sailkapena eratuz. Abel Barriolak, Mikel Idoatek, Julian Iparragirrek eta Mikel Bilbaok osatu dute epaimahaia. Halaber, eitb.eus-en erabiltzaileek ere botoa eman eta kamiseta baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute.