telebista
22:30ean
"Amaiur, azken nafarrak" saio berezia, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Gaizka Aranguren kazetari eta historiagileak Amaiurko gudaren nondik norakoak gogoratu ditu gertakariaren 500. urteurrenean.
Gaur gauean, Gaizka Aranguren kazetari eta historiagileak Amaiurko gudaren nondik norakoak gogoratu ditu gertakariaren 500. urteurrenean "Amaiur, azken nafarrak" saio berezian.
Urte luzez lur azpian egon den gaztelura itzuliko dira, bi armadek aurrez aurre talka egin zuten gaztelura, hain zuzen ere. Leku esanguratsu hori ikasgela bihurtu eta gertatutakoaren inguruan ditugun galderak argituko ditu saio bereziak. Zenbat pertsona zeuden Amaiurren gotortuta? Zein tamainako armada zuen Gaztelak? Nolako bataila izan zen? Zer gertatu zen han gotortuta egon zirenekin? Eta, batez ere, zergatik egon da gaztelua lurpean urte hauetan guztietan?
Halaber, 500 urte atzera egin eta animazioz osatutako bideoen laguntzaz, Amaiurko gazteluan gertatutakoa irudikatzen saiatuko dira. Horrez gain, gaia sakonago ikertu duten hainbat gonbidaturen laguntza izango du Gaizka Arangurenek. Peio J. Monteano, Pello Guerra, Amaia Alvarez, Ixabel Aleman eta Roldan Jimeno gonbidatuek, egun horretan gertatutakoa ez ezik, lehenago eta geroago gudak sortu zituen ondorioen inguruan ere hitz egingo dute.
Gainera, historiagile hainbaten hitzetan, Nafarroako konkista pertsonifikatzen duen Jaime Velaz de Medrano kapitainaz ere arituko dira. Gutxi dakigu hari buruz, baina Peio J. Monteano bere biografia ikertzen ari da, eta orain arte lortutako informazioa azalduko du saioan.
"Amaiur, azken nafarrak" gaur gauean izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.