Itxi

telebista

''Kaixo 2023''

Zatoz Gasteizko Plaza Berrira 2023ari ongietorria EITBrekin batera emateko

EITB MEDIA

Arabako hiriburutik egingo du EITBk Urtezahar gaueko kanpaien zuzeneko emanaldia. "Kaixo 2023" saio berezia Nerea Reparazek, Julen Telleriak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute ETB1en; eta África Baetak, Ane Ibarzabalek eta Egoitz Txurrukak ETB2n.

  • 2023ko kanpaien aurkezleak EITBn

    2023ko kanpaien aurkezleak EITBn

Gasteiztik egingo du aurten ere EITBk Gabon Zaharreko kanpaien zuzeneko emankizuna, Arabako hiriburuko Plaza Berritik, zehatzago esateko. Su artifizialekin jantzitako gau magikoa izango da, eta 23:00etatik aurrera mahatsak eta kotiloi poltsatxoa banatuko dira bertan. EITBk deia egin nahi die herritarrei Urte Zahar gauean jendea bertara bildu dadin, emozioz beteriko kanpaien emanaldia eta Gasteizko bihotzetik urtea agurtzea ohitura bilakatzeko; Gasteiz Gabon Zaharreko kanpaien hiriburu bilakatzeko.

Kanpaien zuzeneko emanaldi hori ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en eskainiko da, programazio berezi batekin. ETB1erako, Nerea Reparaz "Gaur Egun" albistegiko astegunetako gaueko edizioaren aurkezleak, Julen Telleria Gazteako esatariak eta Aitziber Garmendia aktore eta aurkezle ezagunak gidatuko dute zuzen-zuzenean "Kaixo 2023" saio berezia abenduaren 31n. 

ETB2n, berriz, África Baeta astegunetako eguerdiko "Teleberri"ren aurkezlearen, Ane Ibarzabal "Nos Echamos a la Calle" magazinaren gidariaren eta Egoitz Txurruka "Esto No Es Normal" saioko aurkezlearen kontakizunaren bidez jarraitu ahal izango dira kanpaiak.

Euskal diseinatzaileen lanak, gau berezi batean

Euskal diseinatzaileek jantziko dituzte EITBko aurkezleak: Getary etxeko Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok Aitziber Garmendia eta Nerea Reparaz; Eder Aurrek Africa Baeta eta Ane Ibarzabal; Neuko Julen Imazek Egoitz Txurruka 'Txurru'; eta Aldabaldetreku jostundegiak Julen Telleria. Oinetakoak, berriz, Customeus eta Lili&yourenak izango dira, eta bitxiak Alex Vallejo Joyeros etxeak utziko dizkie. 

Kanpaien ondoren su artifizial saio batekin emango diote hasiera urte berriari EITBko bi telebista kanaletan, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2023ari ongietorria emanez, sorpresa artean.

"Biba 2023!" eta "Ura bere bidean" programazio berezian

Kanpainen aurretik eta ondoren saio bereziak izango dira ETBn. ETB1en kanpaien aurretik "Go!azen"en lantaldeak landutako musika saioa eskainiko da, eta ondoren "Biba 2023!" musika gala berezia izango da ikusgai ETB1en. Maddalen Arzallusek, Xabier Sukiak eta "Biba Zuek!" programako kolaboratzaileek osatutako tiktok formatuko klipak kateatuko dira kanpaien aurretik. Kantuaren prestaketak, karakterizazioa, emozioak eta umorea erabiliko dituzte musika-klip hauetan. Kanpaien ondoren, euskal artista eta musika taldeak batuko dira "Biba 2023!"ra: besteak beste, Neomak, Dupla, Süne+ Rikki, Bengo, Korrontzi, Janus Lester, Demode Quartet, Gozategi, Modus Operandi, Xabi Solano, Albina Stardust+ Yogurinha Borova eta Xabier Saldias. 

ETB2n, berriz, gaueko "Teleberri" albistegiaren ostean, film ezagunen tituluekin jokatuz, "Eneflix" umore eta esketx programa berezia eskainiko da. Kanpaien ondoren, bestalde,  "Ura bere bidean" ikuskizun handiaren txanda izango da. 20 bat artista nabarmenek Fernando Velazquezek konposatutako orkestra-bertsioak interpretatuko  dituzte Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik. Oholtza gainean izango dira, Gatibu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Mäbu, Izaro, Anje Duhalde, Amak, Shinova, Maren, Urtz, EH Sukarra edo Su Ta Gar bezalako euskal artista ospetsuek 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko kantuen orkestra-bertsioak eskaintzen.