Itxi

albistea

Africa Baetak aurkeztuta

Antonio Basagoiti izango du protagonista 'Euskadi Pregunta a' saioak

A.E.

EITB

Lau lehendakarigai nagusiei 30 herritarrek egindako galderekin osatutako saio sortak aurrera jarraitzen du, eta, bigarrenean, PPren hautagaia galdekatuko dute. 22:15ean hasiko da.

  • Antonio Basagoiti. Argazkia: EITB

'Euskadi Pregunta a Antonio Basagoiti' saioa eskainiko du ETB-2k 22:15ean. Lau lehendakarigai nagusiei zuzenduta 30 herritarrek egindako galderekin osatutako lau saioko sortako bigarrena izango da. Oraingoan, PPren hautagaia galdekatuko dute, Africa Baetak gidatuta. 

Aurreko saioa bezala, 22:15ean hasiko da. 90 minutu inguruko iraupena izango du aste honetakoak eta ETBren Miramongo estudioetan bilduko dituzte 30 pertsona, hautagaiari galdera egin diezaioten. Bildarte enpresak EAEko gizartera bideratutako irizpide estatistikoen arabera hautatutako herritar-multzo anitza izango da.

Pertsona bakoitzak hiru galdera pentsatu beharko ditu, baina bakarra egin ahal izango dio Basagoitiri. Bost arlo hauetakoak izango dira galderak: lehena, politika; bigarrena, ekonomia; hirugarrena, hezkuntza, osasungintza eta kultura; laugarrena, ingurumena, garraioa, zientzia eta gizarte politika; eta, bosgarrena, gai librea.

BIgarren saioan, Antonio Basagoitiri egingo dizkiote galderak. Hirugarren saioan, urriaren 3an, Patxi Lopez, PSE-EEren hautagaia izango da gonbidatua, eta urriaren 4an, beriz, Iñigo Urkullu, EAJren lehendakarigaia. 

Jarraian, kazetarien eztabaida

Herritarrek lehendakarigaiari egindako galderen ostean, bigarren zatia eskainiko dugu, 75 minutukoa. Bilboko egoitzako plato batean, hainbat kazetarik elkarrizketa aztertuko du, Aitzol Zubizarretak gidatuta.

'Euskadi pregunta a Antonio Basagoiti: el debate' saioa 23:45ean hasiko da, eta aurreko saioan PPren hautagaiak emandako erantzunei buruzko hausnarketa egingo du.

'Euskadi Pregunta a', eitb.com

'Euskadi Pregunta a' saioak eitb.com-en webgune berezia dauka, eta bertan daude azalduta saioa ikustera etortzeko egin beharreko urratsak. Elkarrizketak emango dituen bideo eta albiste nagusiei jarraipena egingo die atari berezi horrek, eta, gainera, 'streaming' bidez ikusi ahal izango da saioa, 22:15ean hasita.

Halaber, hautagaiari egindako galdera guztiak jasoko ditugu webgune horretan, eta inkesta bat jarriko dugu, jendeak interesgarriena zein iruditu zaion esan dezan.