albistea
Africa Baetak aurkeztuta
Iñigo Urkullu galdekatuko dute 'Euskadi Pregunta a' saioan
A.E.
EITB
Lau lehendakarigai nagusiei 30 herritarrek egindako galderekin osatutako saio sortak aurrera jarraitzen du, eta, ostegun honetan, EAJren hautagaia galdekatuko dute. 22:15ean hasiko da.
-
Iñigo Urkullu. Argazkia: EITB
'Euskadi Pregunta a Iñigo Urkullu' saioa eskainiko du ETB-2k, 22:30ean. Lau lehendakarigai nagusiei zuzenduta 30 herritarrek egindako galderekin osatutako saioetako bigarrena izango da. Oraingoan, EAJren hautagaia galdekatuko dute, Africa Baetak gidatuta.
22:30ean hasiko da eta 90 minutu inguruko iraupena izango du. ETBren Miramongo estudioetan bilduko dituzte 30 pertsona, hautagaiari galdera bana egin diezaioten. Bildarte enpresak irizpide estatistikoak baliatuz hautatutako herritar-multzo anitza izango da saio honetan ere galderak egiteko arduraduna.
Pertsona horietako bakoitzak galdera bakarra egin ahalko dio Urkulluri, baina hiru pentsatu beharko ditu, bost alor hauen ingurukoak: politika; ekonomia; hezkuntza, osasungintza eta kultura; ingurumena, garraioa, zientzia eta gizarte politika; eta gai librea.
Jarraian, kazetarien eztabaida
Herritarrek lehendakarigaiari galderak egin ostean, bigarren zati bat eskainiko dugu, 75 minutukoa. Bilboko plato batean, hainbat kazetari izango da elkarrizketa aztertzen, Aitzol Zubizarretak gidatuta: Iñaki Soto (Gara), Juan Maria Gastaca (El País), Lourdes Perez (Diario Vasco), Josean Izarra (El Mundo), Alberto Ayala (El Correo), Pello Urzelai (Berria) eta Bingen Zupiria (Deia).
'Euskadi pregunta a Iñigo Urkullu: el debate' 00:10ean hasiko da, eta EAJren hautagaiak emandako erantzunei buruzko hausnarketa egiteko aukera emango du.
'Euskadi Pregunta a', eitb.com-en
'Euskadi Pregunta a' saioak eitb.com-en webgune berezia dauka, eta bertan daude azalduta saioa ikustera etortzeko eginbeharreko urratsak. Elkarrizketak emango dituen bideoei eta albiste nagusiei jarraipena egingo die atari berezi horrek, eta, gainera, streaming bidez ikusi ahal izango da saioa, 22:30ean hasita.