Itxi

101 Gaztelu

4. saioa

Bilauek proba galdu dute eta Argiñe kalera joan da, '101 Gaztelu'n

EITB

Fontechara ailegatzen lehenak izan diren arren, eta Iker Galartza aktorearen laguntza lortu duten arren, ez dira jokoa irabazteko gai izan.

Argiñe kalera bidali dute '101 gaztelu' saioaren laugarren atalean. Bilauak lehenak ailegatu dira Fontechara, eta, joko txiki bat irabazi ostean, Iker Galartza aktorearen laguntza izatea lortu dute. Baina joko nagusia zaldunek irabazi dute, eta Argiñek jaso ditu bilauen bigarren kontseiluan taldekideen boto gehienak.

Gaubeako Villanañe herrixkan gaua pasa eta gero, Araban jarraitu dute bilauek eta zaldunek laugarren saioan.

Aurreko egunean Izar lehiakide ondarroarrari agur esan eta gaurkoan, Argiñe zornotzarrari egin dio ongietorria talde beltzak. Lehiakide berriaren zain zeudela, eguneko lehen haserrea piztu da taldekideen artean, zaldunek furgonetan zeuden te poltsatxo guztiak agortu dituztela konturatu denean Rakel.

Bi taldeek pista eskuratu eta lehenengo helmugaren berri jaso dute. Fontecharantz abiatu, eta Orgaz dorretxea aurkitu behar izan dute. Herria non dagoen asmatzeko, zaldunek metodo berezi bat baliatu dute: Imanolek bat-batean egindako egurrezko penduloa, hain zuzen ere.

Maparen laguntzarekin, bilauak ailegatu dira lehen Fontechara. Baina Julian bera topatu dute, famatua baino. Jokoan abantaila izateko eta pertsonaia ospetsuaren laguntza jaso ahal izateko, proba txiki bat egin behar izan dute gaurkoan. Lehia parekatua izan da, baina, azkenean, bilauak izan dira garaile. Hortaz, Iker Galartza aktorearen laguntza izatea erabaki dute.

Fontechatik Zabalaterako bidea hartu dute bi taldeek. Han, armarria lortzeko joko nagusia izan da. Proba honetan, abilezia, arintasuna eta indarra erakutsi behar izan dute lehiakideek. Egurrezko eskailera bat egin, lepoan hartu eta mendian gora joan dira. Eskailera honetaz baliatuz, horma bat eskalatu behar izan dute.

Tirabira ugari izan dira proban zehar, eta, hori dela eta, ika-mikak sortu dira lehiakideen artean, batez ere zaldunek garaipena lortu dutenean. Istilua ez da makala izan, eta, parte-hartzaileak ez ezik, famatuak ere haserrea erakutsi du.

Bilauen bigarren kontseilua jarraian izan da gaurkoa, eta oraingoan Argiñe taldekide berria bidali dute etxera.

Kontseiluaren estualdiaz gain, gaurkoan talde galtzaileak gaua mendian pasatu behar izan du, izarpean. Egoerari ahalik eta ondoen aurre egiteko, Manu Maritxalar sua egiten saiatu da. Ahalegina alferrik izan da, eta beltzen txantxak jasan behar izan ditu.

Zaldunek, bitartean, askoz hobeto eman dute gaua. Proban irabazitako txuletak jan dituzte, eta autokarabanako goxotasunean egin dute lo.