Itxi

101 Gaztelu

Unerik gorenak

Mikel Goñik, azkenean, '101 gaztelu' utzi du

G.U.

eitb.com

Aurreko saioan lehiaketa uzteko mehatxua egin zuen oronoztarrak, baina, azkenean, jarraitzea erabaki zuen. Aste honetan ikaragarri haserretu da berriz, eta saioa utzi du, inori ezer esan gabe.

  • Mikel Goñi

Azken asteetan mehatxuka zebilen Mikel Goñi, eta, azkenean, hitza bete du. Zaldunen kapitainak '101 gaztelu' saioa utzi du. Haserretu egin da berriro. Saioko arduradunak kontra zebilzkiola argudiatu du, eta, Julianek jokoaren irabazleak Bilauak direla esan ondoren, etxerako bidea hartu du oronoztarrak.

Jokoan Zaldunak hobeto ibili dira; Bilauak baino lehenago iritsi dira Julian zegoen lekura. Baina bi taldeak denboraz kanpo heldu direnez, baliogabetzat eman dute proba. Berdinketa apurtzeko, beste proba bat egin behar izan du taldeak. 2 minutu eta 7 segundoko denbora kalkulatu behar zuten buruz bi taldeek, eta, kanpaia jo aurretik, biribilaren erdira sartu. Berdinketa gertatu da berriro. Azkenean, denbora bera kalkulatu behar izan du talde bakoitzeko partaide banak. Zaldunetatik, Oibarrek hartu du parte; Bilauetatik, berriz, Rakelek. Biak sartu dira kanpai-hotsa entzun aurretik, baina, Rakel sartzen azkena izan denez, talde beltza izan da garailea.

Mikel Goñik ezin izan du hori guztia jasan. Jokoan denbora eurek hobeto kalkulatu dutela esan du, eta irabaztea merezi zutela. Gainera, Julianek ez duela berdinketa gertatuz gero zer gertatuko zen esan adierazi du. Sututa zegoen pilotaria. Azken asteetatik zekarren arrastaka haserrea, eta, gehiegizkoa izan da 10. saioan gertatutakoa. Inori ezer esan gabe egin du alde. Ez ditu taldekideak ere agurtu.

Zaldunak, beraz, kapitainik gabe gelditu dira, eta, gainera, Oibar etxera bidali behar izan dutenez, hiru taldekide baino ez dira geratu: Jurdan, Jonas eta Oihana. Ez dute erraza hemendik aurrerako bidea. Nola moldatuko ote dira datozen asteetan?