Itxi

6 Argazkitan

21:45ean

Jose Mari Bakero protagonista, gaur, '6 Argazkitan' saioan

A.A.

EiTB

Goizuetatik Sitgesera, bere bizitzaren ibilbidea osatuko du futbolari ohiak Pedro Mari Goikoetxearen laguntzaz.

0:33

Jose Mari Bakero Goizuetako futbolari ohia hartuko du protagonista aste honetan ETB1eko '6 Argazkitan' saioak. Bere bizitzako pasarte esanguratsuenen errepasoa egingo du, bidelagun izan dituen senitarteko eta hurbilekoak lagun dituela. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak gidatutako saioa 21:45ean eskainiko da ETB1en, gaur.

Bakero-Eskudero familia zabala da, 11 senide baitira, eta hainbat kide elkartuko ditu '6 Argazkitan' saioak. Goizuetan, haurtzaroko kontuak ekarriko ditu gogora Jose Marik, Izaskun arreba eta izeba Kontxi lagun dituela. Goizuetatik Añorgara joatean bizitza nola aldatu zitzaien ere kontatuko du Lourdes amarekin, Felix anaiarekin eta Itziar arrebarekin batera.

Pilotan aritu zen arren, futbolari esker egin zen ezagun Jose Mari Bakero. Realean hasi eta Bartzelonan amaitu zuen ibilbide oparoko momentu ezberdinez mintzatuko zaigu, garai ezberdinetan alboan izan dituen Javier Exposito, Juanan Larrañaga eta Xabi Prietoren laguntzaz.

Azken 20 urteetan Sitgesen bizi da Jose Mari, Flor emaztearekin eta Lorea eta Jon seme-alabekin. Nolako senarra eta aita den kontatuko digute Florek eta Loreak saioaren azken txanpan.