Itxi

Ahotsak

Ahotsak

Ahotsak

Estreinaldia

ETB1ek 'Ahotsak' saioa estreinatuko du gaur gauean, Bermeon

EiTB

Julian Iantzik aurkeztuta, Euskal Herriko abesbatzarik onena bilatuko du Ibai Etxebarria adituaren laguntzarekin. Hernani, Algorta eta Gorlizko abesbatzak lehiatuko dira lehen saioan.

0:30
'Ahotsak' saioa, astelehenean ETB1en

Astelehen honetan, irailaren 2an, 'Ahotsak' Euskal Herriko abesbatzarik onena aurkitzeko helburua duen saio musikala estreinatuko du ETB1ek, 22:00etan. Julian Iantzik gidatuko du saio berria, Hibai Etxebarria adituaren laguntzarekin.

Baleuko ekoiztetxeak eta Euskal Telebistak ekoitzitako saioaren atal bakoitzean hiru abesbatza lehiatuko dira Euskal Herriko hainbat txokotan: Elorrio, Bermeo, Gasteiz, Zarautz, Lizarra, Ordizia, Lekeitio eta Hernani. Guztira, hogeita lau talde arituko dira lehian.

Lehen saioan, Hernaniko Dakapo abesbatza, Algortako Eskuz Esku abesbatza eta Gorlizko Lirain abesbatza lehiatuko dira Bermeon. Hibai Etxebarria musika adituaren iradokizunak jarraitu beharko dituzte taldeek finalerako txartela eskuratu nahi badute.

Koru bakoitzak bi abesti eskainiko dizkigu bere etxean, esanguratsua eta estetikoki erakargarria den kokaleku batean. Bozketa bidez, abesbatzetako zuzendariek eta Hibaik aukeratuko dute nork merezi dituen puntuak. Guztia hartuko dute kontuan: abestiaren aukeraketa, taularatzea, afinazioa, arriskatu izana, garapena...

Saio bakoitzean puntu gehien lortu duen abesbatza izango da garaile, eta zortzi saioetako irabazleak Donostiako finalean elkartuko dira. Bertan jakingo da nor den 'Ahotsak' saioko koru garailea.

Musikari eta koruei dagokienez, hainbat estilo eta jatorritako taldeak ezagutzeko aukera izango da: euskal kantutegi klasikoa, rocka, popa, musika afrikarra, gospela, elizakoa... Denetarik egongo da.

Saioaren funtzionamendua

Hiru abesbatza lehiatuko dira saio bakoitzean, eta irabazle bat izango da.

Saio bakoitzak hiru fase izango ditu. Lehenengoan, abesbatza bakoitzak nahi duen abestia aurkeztuko du. Hibaik entzun eta ikusi ondoren, balorazioa egingo du eta erronka bat botako dio abesbatza bakoitzari. Lehen fase horretan, koru bakoitzeko zuzendariek emango dute botoa, zein abesbatza gustatu zaien gehien erabakitzeko.

Bigarren fasean, musika adituak jarritako erronkari hobekien nork egin dion aurre erabakiko du Hibaik berak. Hiru koruetatik bat aukeratuko du horretarako.

Eta, azken fasean, abesbatzek zuzenean abestu beharko dute. Zuzendariek eta Hibaik bozkatuko dute fase horretan.