Itxi

Aitaren etxea

Aitaren etxea

Aitaren etxea

1. atalaren aurrerapena

Irenek eta Martinek elkarrekin egingo dute topo gaur 'Aitaren Etxea'n

A.A.

EiTB

Telesaileko lehen atalean aztoratuta ibiliko dira Echeguiko biztanleak, bisita oso garrantzitsua izango baitute herrian. Gaur, 22:25ean, izango da ikusgai lehen atala ETB1en eta eitb.eus-en.

Gaur gauean iritsiko dira Irene Egaña eta Martin Celaya "Aitaren Etxea" telesaileko protagonistak gure etxeko pantailetara. 22:25ean hasiko da istorio berri honen emisioa ETB1en eta eitb.eus-en aldi berean. Lehen atalean, bi protagonistak elkarrekin topo egiten ikusiko ditugu.

1956. urtean, Echeguira jende garrantzitsua etorriko da bisitan. Herri osoa aztoratuta dabil, eta Celaya hotelean ere ia dena prest dute etorriko diren bisitariei behar bezalako harrera egiteko. Gogoz kontra ari dira, baina ezin diote aginduari uko egin.

Ekitaldien erdian, Martin Celayak eta Irene Egañak tupust egingo dute elkarrekin. Aspaldian ez dute elkar ikusi, eta lehendabiziko unetik zerbait piztu da bien artean.

Martin Javier Celayaren biloba da, hoteleko familiako kide gazteetako bat. Irene, aldiz, Luis Egaña herriko alkatearen alaba da. Bi familiak erabat kontrajarriak dira, etsaiak direla ez esatearren. Ireneri eta Martini ezin zaie burutik pasatu ere egin lagunak izatea, eta are gutxiago maitasun harreman bat hastea.

50eko hamarkadan, gurasoen esana onartu behar izaten zuten gazteek, zalantzan jarri gabe. Emakumea izanez gero, oraindik eta garrantzitsuagoa zen esanekoa izatea; gizarteak oso gogor hartzen zituen hala egiten ez zutenak. Beraz, Martinen eta Ireneren maitasunak une gogorrak biziko ditu, baldin eta harremanari eustea erabakitzen badute.