Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

LITERATURA

Patxi Apalategi itzultzailearekin solasean, "Arte[faktua]"n, gaur

EiTB

Bestalde, Ana Malagon idazle donostiarra zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

  • Patxi Apalategi itzultzailea "Arte[faktua]" saioan

    Patxi Apalategi itzultzailea. Argazkia: EiTB

Patxi Apalategi itzultzailea izango da aste honetako gonbidatu nagusia Euskal Telebistako "Arte[faktua]" saioan. Donostiako Gros auzoan elkartuko dira berarekin, Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen liburuaz hitz egiteko, Gaitzaren loreak. Charles Baudelaire poeta frantsesaren lanaren itzulpena da. 1857an argitaratutako olerki horiengatik, immoralitateagatik kondenatu zuten idazlea, eta lan horretako sei poema kentzera behartu. Klasiko bihurtu, eta modernitatearen ateak irekitzea atxikitzen zaio. Apalategi, etenaldiak tarteko, pixkanaka joan da urteetan zehar lan hau itzultzen.

Bost urte eman zituen Apalategik Parisen Filosofia eta Soziologia Politikoa ikasten. 1968ko maiatza bete-betean ezagutu zuen poeta. Gainera, hango Euskal Etxean euskara irakasten ere ibili zen. Garai hartan, Pio Barojaren Altzateko Jaun-en kontu-zaharra itzuli zuen. Literaturaz gain, Tintinen komikietako bi ale ere itzuli ditu. Bere ibilbide luzeaz nahiz argitaratutako azken lan honetaz solastatuko dira berarekin.

Beñat Sarasola izango da, gainera, Apalategiren gonbidatua. Aurrez aurre elkar ikusi duten lehenengo aldia da. Apalategiren semearen bitartekaritzari esker, liburua, argitaratu aurretik, Beñati utzi zion Apalategik, begirada bat bota ziezaion. Hainbat ekarpen egin zizkiok honek. Batzuk baliagarri izan zitzaizkion; Apalategik dionenez, uste baino gehiago. 

Artefaktu[egilea] tartean, Ana Malagon idazle donostiarra zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izango dugu.

Bestalde, Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko teknikari Txemi Valdecantosek Atopia liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegian, berriz, Gotzon Hermosillak, Goizalde Landabasok eta Aritz Gorrotxategik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Tuterako Argia ikastolako Leire Anderez eta Artea Ortiz izango dira aste honetako Booktuber ataleko protagonistak.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatetan, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.