Arte[faktua]
13:00etan
Maite Lopez Las Heras poeta eta itzultzailea, gaur, "Arte[faktua]"n
EiTB
Juan Ramon Makuso poeta eta Balea Zuriako editorea ere hartuko du Yolanda Mendiolak aurkeztutako saioak.
Maite Lopez Las Heras poeta eta itzultzaile azkoitiarra izango da aste honetako "Arte[faktua]"n protagonista. Safo. Poesia guztia poema liburua kaleratu du Balea Zuria argitaletxearen eskutik, olerkari greziarraren lana euskarara ekarriz. Filologia klasikoan lizentziaduna da Lopez, eta lanbidez Elgoibarko ikastolako irakaslea da. Bertako San Pedro auzoan elkartuko dira Yolanda Mendiola eta biak.
Ondoren, Juan Ramon Makuso poeta eta Balea Zuriako editorea batuko da solasaldira. Maiterekin liburua argitaratu arteko prozesu eta harremanaz, klasikoak euskaratzearen inguruko desafioaz edota hauek merkatuan duten lekuaz hitz egingo dute, besteak beste.
Aste honetan, Jon Villapun kazetariak, Jon Arretxeren Arrutiren banda liburua gomendatuko du Irakurlearen tartean.
Bestaldetik, Irakurket[arte]a atalean, Elena Caballero "La Basu" rap kantariak, bere esperientziatik, musika estilo hau abesterakoan hartu beharreko zenbait gakoz hitz egin eta berorrek sortutako kanta bat abestuko du.
Horretaz gain, Durangoko kaleetan ibiliko da saioa literaturaren inguruko galdera sortak egiten, bertakoen irakurketa joera eta zaletasunak ezagutzeko.
Yolanda Mendiolak aurkeztutako Arte[faktua] saioa gaur izango da ikusgai, 13:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.