Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

12:50etik aurrera

Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea izango da gaur "Arte[faktua]" saioan

EITB

Yolanda Mendiolak aurkeztuta, saioa Nerea Ibarzabalekin, Regino Ayesarekin eta Jesus Mari Olaizolarekin ere izango da.

  • Uxue Alberdi

    Uxue Alberdi. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarra izango da gaur "Arte[faktua]" saioko gonbidatu nagusia. Izan ere, Susa argitaletxeko Dendaostekoak izeneko kronika literarioa sortu du. Liburuak bere jaioterriko Pitxintxu dendaren eta bertako saltzaileei buruz hitz egiten du, 70eko hamarkadan gertatzen zena ardatz duelarik: uholdeak, atxiloketak, atentatuak, jaiotzak, heriotzak, aldarrikapenak... Liburuak gibelean gordetzen dituen ezaugarriez hitz egiteko, Getariako Balentziaga Museoan elkartuko da saioa berarekin.

Ondoren, Nerea Ibarzabal bertsolaria batuko da Yolanda Mendiola eta Uxue Alberdiren arteko elkarrizketara. Uxueren azken lanaz duen iritziaz edota bera idazten ari den eleberriaz arituko da Nerea, besteak beste.

Aste honetan, Irakurlearen tartean Regino Ayesa izango da gonbidatu. Eta Arte[egileak] atalean aldiz, Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' idazleaz gehiago jakiteko aukera izango da.

Horrez gain, Altsasuko kaleetan ere ibiliko dira bertako arte zaleen irakurketa ohiturak nahiz zaletasunak ezagutzen.

Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, gaur, arratsaldeko 12:50etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.