Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

12:40ean

Durangoko Azokari buruzko "Arte[faktua]"ren saio berezia, gaur, ETB1en

EITB

Astean zehar egindako elkarrizketak ikusteaz gain, Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailea eta Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmientoko abeslaria elkarrizketatuko ditu saioak.

  • Arantza Atutxa.

    Arantza Atutxa. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

Durangoko Azokari eskainitako saio berezia emango du aste honetan "Arte[faktua]" saioak.

Hizkuntza, kultura, identitatea... Zenbakiez haratago, handia da Durangoko Azokaren balio immateriala, ukiezina. Eta inoiz baino ukiezinagoa da aurtengoa, egoera berezia medio. Horregatik, ahal den neurrian, idazle eta irakurlearen arteko hartu-eman hori mantentzen saiatuko da programa. Beraz, aste honetan, "Arte[faktua]"k Durangoko Azokarekin bat egingo du.

Lau izango baitira saioan parte hartuko duten idazleak: Jon Alonso, Aitziber Etxeberria, Peru Magdalena eta Yurre Ugarte. Azokarako liburu bana atera dute, eta horiek izango dituzte hizpide Yolanda Mendiolarekin.

Tartean, hauek dira hizpide izango dituzten liburuak: Jon Alonsoren Naparra. Kasu irekia (Elkar), Aitziber Etxeberriaren Olivetti (Erein), Peru Magdalenaren Tantaka (Balea Zuria) eta Yurre Ugarteren Lilurabera (Alberdania).

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailearek emango dio hasiera saioari, aurtengo Azokaren berri izateko asmoz: egoera dela eta, 2020koa nolakoa izango den, zein berezitasun izango dituen, antolatutako ekitaldiak eta antzerako kontuak.

Asteroko ohiko atalek lagunduko diete aipatutako guztiari. Esaterako, Arte saltzaileak izeneko tartean, Zarauzko Garoa liburu dendan izango dira bertako Imanol Agirrerekin, besteak beste proiektua nola sortu zen eta bere lanbidetik gehien eta gutxien gustatzen zaiona zer den azalduko du.

Bestalde, Iñigo Etxezarretak, En Tol Sarmientoko abeslariak, bere liburu maiteen berri emango du Apalategia tartean.

Horretaz gain, Armentia Ikastolako Lier Izagirrek eta Danel Perez de Arandak, Cesar Mallorquiren Luna Jaunaren azken lana liburua gomendatuko dute.

Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu denden gomendioekin batera, "Arte[faktua]"n, gaur, eguerdiko 12:40 inguruan, ETB1en eta eitb.eus-en.