Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Larunbatero

Irati Goikoetxeak estreinatuko du gaur "Arte[faktua]" saioaren denboraldi berria

EITB Media

Literaturari buruzko saioan, Yolanda Mendiola aurkezleak azken nobedadeen egileei elkarrizketak egingo dizkie, beste eduki askoren artean.

  • Yolanda Mendiola eta Irati Goikoetxea

    Yolanda Mendiola eta Irati Goikoetxea

Udako geldialdiaren ostean, gaur itzuliko da "Arte[faktua]" literatura saioa bere bosgarren denboraldiarekin. Aurtengoan ere, Yolanda Mendiolak euskal literaturako azken nobedadeen egileak eta euren gonbidatuak elkarrizketatuko ditu larunbatero, 13:00ak inguruan, ETB1en eta eitb.eus-en. Alabaina, lehen atal hau 13:20ean izango dugu ikusgai.

Irati Goikoetxea idazle eta irakaslearekin hasiko dute denboraldia. Noaingo Zentzumenen Parkean elkartuko dira idazlearen azken eleberriaz hitz egiteko: Herriak ez du barkatuko (Elkar). Bertan, ETAren biktima baten mina landu du egileak, aldarri ozenen ordez enpatia ahalegin bat eginez, samurtasunez eta emozioz. Ekaitz Goikoetxea neba batuko da solasaldira. Harreman estua dute neba-arrebek, eta Ekaitzena da Iratiren liburuko hasierako aipuetako bat. Gainera, Segura Irratiko "Itaka" irratsaioa gidatzen dute biek.

Horretaz gain, Ventura Ruiz irakurleak Trenza roja fanzinearen bi ale gomentatuko ditu. Bestalde, Iratxe Fresneda zinemagile eta kritikariaren apalategia ezagutzeko aukera ere izango dute saioan. Eta, amaitzeko, Literaturia jaialdiari keinu bat eginez, aurtengo edizioaren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da saioan zehar.

"Arte[faktua]" saioa 13:20ean izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.