Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Uxue Apaolaza idazlea, 12:55ean, "Arte[faktua]" saioan

EITB Media

'Bihurguneko Nasa' narrazio-bilduma izango du mintzagai Yolanda Mendiolarekin, Hernaniko Atsegindegi Plazan, eta Ibon Egaña literatur kritikaria batuko zaie solasaldira. Zipriztinak bideo sortaren lehen alea ere emango dute, Nora Arbelbide sortzaileari buruzkoa.

1:17
Uxue Apaolaza

Uxue Apaolaza idazle hernaniarra izango da gaur "Arte[faktua]" programako gonbidatu nagusia. Azkenekoz argitaratutako liburutik egun arteko hamarkadan zehar idatzitako bederatzi ipuinez osatutakoa da Susa argitaletxearen eskutik dakarren Bihurguneko Nasa narrazio-bilduma, Arabako Foru Aldundiaren Ignacio Aldekoa bekaren lorpenari esker argitaratutakoa. Apaolazak Madrilen lanean egindako denboraldian, metroan entzundako ohar bat izan du bere artefaktua biribiltzen duen izenbururako inspirazio-iturri. Yolanda Mendiola aurkezlearekin batera, Apaolazak liburuaren istorio, idazketa-prozesu eta halakoei buruzko nondik norakoak argituko ditu Hernaniko Atsegindegi Plazan.

Ibon Egaña literatur kritikaria gonbidatu du saiora Apaolazak, nerabe zirenetik lagunak izateaz gain, Egaña liburuaren sortze prozesuan egileak aholkulari eta konfidentea izan duelako, beste pertsona batzuen artean, hain zuzen.

Letren bidaiak atalean oso egun berezia partekatuko dute Iruñeko Frantzisko Deuna eskolako haurrekin. Patxi Zubizarreta idazlearekin berriketan ikusiko ditugu 'Idazleak ikastetxeetan' programaren saio batean.

Bestalde, "Goenkale"n aktorea izandako Esther Uria irakurle errenteriarrak Ricardo Alcántarak idatzi eta Alberto Asensiok ilustratuko Un niño muy raro (Editorial Juventud) liburua gomendatu digu.

Emankizunaren amaiera gisa, Euskal Idazleen Elkarteak egindako Zipriztinak bideo sortaren lehen alea emango dute, Nora Arbelbide sortzaile baxenabartarrari buruzkoa.

"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.