Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

'Sastraka/Maleza' lagunartean ondutako liburua ekarriko du Pello Lizarraldek gaur "Artefaktua" saiora

Pello Lizarraldek, Jose Ignacio Agorretak, Imanol Ubedak eta Imanol Rayok sortutako literatura tresna artistikoaz mintzatuko gara. Bestalde, Iñaki Alforja zinemagilearen apalategian gordetako liburuak ezagutuko ditugu, eta Guru Arregi Mujika irakurleak emango ditu aste honetan literatura gomendioa.

  • Pello Lizarralde idazlea, "Artefaktua" saioan

    Pello Lizarralde idazlea, "Artefaktua" saioan. Argazkia: EITB Media

Pello Lizarralde idazlea izango da larunbat honetako gonbidatu nagusia, zeina Sastraka/Maleza (Erein) artefaktuaren karietara mintzatuko den. Sastraka/Maleza lagunartean ondutako literatur tresna artistikoa da. Lizarralderen testu batek eman zion hasiera liburuari, eta ondotik Jose Ignacio Agorretaren margolanak, Imanol Ubedaren kantak eta Imanol Rayoren argazki bilduma etorri ziren. Bidaia bat da lan horretan planteatzen dena, behin heriotzaren kontzientzia izatean, iraganera joateko gogo samintsuaren analisi artistikoa, hain zuzen. Horretaz guztiaz hitz egiteko, Iruñeako Nafarroa unibertsitatean elkartuko da saioa idazlearekin.

Imanol Rayo zinegilea gonbidatuko du saiora Lizarraldek. Sastraka/Maleza artefaktuaren partaidea izanik, Rayok artefaktuan berea duen ekarpenari buruz mintzatuko da kreazio lana elikatzen duten filosofia eta prozedura azalduz.

Bestalde, Iñaki Alforja zinegilearen estudiora gerturatuko gara artista horrek bere Apalategian gordeta dituen liburuak ezagutzearren, eta Guru Arregi Mujika irakurlearen eskutik ailegatuko da aste honetako literatura gomendioa.

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus atarian. Ondoren, EITB Nahieran atarian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan izango da ikusgai.