Arte[faktua]
Literatura
Ekaitz Goikoetxea bere 'Balio erantzia' aforismo liburuaz, 12:50ean "Artefaktua" saioan
Arlo asko landu dituen sortzailea da Ekaitz Goikoetxea eta oraingoan liburu batekin datorkigu: aforismoen liburua. Naroa Martinez Suarez gonbidatu du Goikoetxeak.
Ekaitz Goikoetxea bertsolari, irakasle eta idazlea izango da larunbat honetako elkarrizketatu nagusia. Goikoetxeak aforismoen bitartez umorea, heriotza, generoa eta halakoen inguruan hausnartzea gustuko duenez, Balio erantzia (Balea Zuria) liburua hausnarketarako abagunea izan du. Eguneko pilulen antzera, egileak 24 orduan behin, bakarra irakurtzea gomendatzen du, lan literarioaren indarra bere osotasunean bereganatzeko. Bestalde, egileak hutsuneak utzi ditu aforismoen artean hausnartzeko astia izateko. Honetaz guztiaz solastatzeko, Beasaingo Igartza jauregian elkartu da aurkezlea idazlearekin.
Naroa Martinez Suarez gonbidatuko du saiora Ekaitz Goikoetxeak. Harreman ederra dute, nahiz eta ez diren aurrez aurre inoiz ezagutu. Martinez Suarezek heriotza nola erakutsi, eta horretaz haurrekin nola hitz egin azalduko digu. Hortaz gain, Goikoetxearen liburuak zeharkatzen dituen gaiei buruzko ikuspuntua ere emango du.
Gainerakoan, Mikel Begoña gidoigile eta idazlea ezagutzeko aukera ere izango dugu artista gertutik ezagutzeko asmoz.
Arte[zaleak] pasartean, Irungo kaleetatik barrena ibiliko gara bertakoei euren literatura ohiturak, gustuak eta halakoen inguruan galdera sorta bat egiteko.
Patxi Plazaola irakurle beasaindarrak emango du aste honetako literatura gomendioa.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, eguerdiko 12:50ean ETB1en eta eitb.eus-en.