Itxi

Bago!az

Bago!az

Bago!az

Talent Showa

'Bago!az'en bigarren edizioaren grabazioa martxan da

A.E.|EiTB

ETB1eko talent showa otsailaren 21ean hasiko da.

1:32

'Bago!az' ETB1eko talent showaren bigarren edizioa grabatzen hasi dira, eta otsailaren 21ean estreinatuko da Zuriñe Hidalgoren eskutik.

Aurrekoan bezala, talent showaren irabazleak 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du. Hain zuzen ere, iaz Iholdi Beristainek irabazi zuen lehiaketa, eta bera bihurtu da telesaileko protagonistetako bat. Halaber, Sara Nieto programan lehian aritutako partaidea ere 'Go!azen'eko aktore nagusien artean dago denboraldi honetan.

Aurten 32 lehiakide arituko dira nor baino nor gehiago epaimahai berezi eta sonatuaren aurrean. Elkarrekin lehian arituko dira horiek guztiak oholtza gainean, bakoitzak pertsona ospetsu bat bikotekide duela. Aurreko edizioan saioan aritu ziren Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi eta Alex Sardui izango dituzte lagun lehiakideek, eta horiekin batera, epaile berri bat: Revolta Permanent taldeko Iker Villa. Taldea osatzeko, 'Go!azen' telesaileko aktore baten bisita izango dute astero entrenatzaile eta epaile lanak egiteko.

Astero, aipatutako famatu batek lehiakide bati lagunduko dio. Bere gisa egingo du, eta alderdi ezberdinak landuko dituzte, lehiakidea benetako showman edo show-woman-a bihur dadin.

Hiru fase ditu lehiaketak. Fase guztietan entrenatzaileak lehiakideekin batera abestuko dute, eta, gero, entrenatzaile-epaile horiek izango dute hautatuak aukeratzeko ardura. Lehen fasean elkarrekin lehian hasiko diren 32 lehiakideetatik 16 pasatuko dira bigarren fasera. Hirugarren fasean, berriz, zortzi lehiakide hasiko dira, eta atal bakoitzean bat joango da kalera. Hartara, hiru lehiakide iritsiko dira final handira, eta elkarren aurka lehiatuko dira 'Go!azen' telesailean aktore nagusi bihurtzeko.

Otsailaren 21ean estreinatuko da 'Bago!az', eta, iaz bezala, asteazkenetan 22:30ean ez ezik, ostiralean 21:00etan ere izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en.