Itxi

Baskoniako Historia bat

Baskoniako Historia bat

Baskoniako Historia bat

"Baskoniako Historia Bat" saioaren denboraldi berria estreinatuko du ETB1ek asteazken honetan

Alberto Santana historialariaren eskutik, neandertaletatik Ipar-Mendebalde Urruneko euskaldunetarainoko bidaia proposatuko digu. Lehen atalaren izenburua Amama neandertala da, eta asteazken honetan, uztailak 15, izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta ETB ONen.

0:33
Amama neandertala

Alberto Santana historialariak zuzendu eta aurkeztutako "Baskoniako Historia Bat - Una Historia de Vasconia" dokumental sailaren atal berriak estreinatuko ditu aste honetan Euskal Telebistak. Bosgarren denboraldia izango da, eta jada ETBn mitikoa den telesail bat biribilduko du. Garai eta leku urrunetara bidaiatuko dugu, batzuetan exotikoak, beste batzuetan ezagunagoak, baina batez ere iraganeko garaietara eramaten gaituztenak. Imajinatu ahal izango dugu nolakoak ziren orduko euskaldunak, zergatik mugitzen ziren… eta gure historiaren zati bat ulertzen lagunduko digute. Denboraldi berri honetan neandertaletatik Ipar-Mendebalde Urrunera eramango gaituen bidaia bat proposatzen digu Alberto Santanak, bost ataletan zehar, gure historia ezagutzeko.

Asteazken honetan abiatuko da denboraldia, Amama neandertala izeneko atalarekin, gure historian atzera bidaia luzea egiteko. Izan ere, duela hamarkada bat arte uste genuen neandertalak eta gizaki modernoak ezin zirela sexualki nahastu; eta, Europako hego-ekialdean 10.000 urte baino gehiago elkarrekin bizi izan baziren ere, ez zutela inoiz elkarrekin ondorengorik izan. Gaur egun, baina, jakin badakigu gizaki moderno ez-afrikar guztiok amona neandertal urrun bat dugula eta haren herentzia genetikoaren zati bat partekatzen dugula.

Badakigu, halaber, iberiar penintsula bi espezieen arteko bizikidetzarako eta elkartrukerako gunerik iraunkorrenetako bat izan zela. Elkarketa hori franko-kantauriar babeslekuko kobazuloetan gertatu bide zen hainbatetan, eta Euskal Herrian egiten ari diren aurkikuntzetan horren aztarnak arakatzeko saiakeran ari dira zenbait euskal ikerlari gazte, tartean Lezetxikin (Arrasate) edo Axlorren (Dima). Gure amona neandertalak apaintzeko erabiltzen zituen itsas maskorren lepokoak ikusiko ditugu.

Ondoren iritsiko dira denboraldi honetako beste lau atalak: Ene baskoi kuttuna; Baskoniako salerosleak; Baskoniako merkatariak; eta Euskaldunak Ipar-Mendebalde Urrunean

Uztailaren 15etik aurrera, asteazkenero, "Baskoniako Historia Bat" dokumental sailaren atal berriak ETB1en eta ETB ONen; eta, irailetik aurrera, "Una Historia de Vasconia" ETB2n.