Debatea
Gaur, 22:15ean
Katalunia hormaren kontra ote dagoen aztertuko du 'Debatea' saioak
A.H.
EITB
Azaroaren 9an zer gertatuko den jakin gabe, eta Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea bertan behera utzi ondoren, Kataluniak hartuko duen bidea aztertuko dute solaskideek.
Xabier Usabiagak gidatuta, gaurko 'Debatea' saioak Katalunia hartuko du hizpide. Espainiako Gobernuak Konstituzioa jartzen du guztiaren gainetik, eta Kataluniakoak, bitartean, herritarrei galdeketa egiteko eskubidea aldarrikatzen du. Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegiteak onartu, eta horiek aztertu bitartean, bertan behera geratu dira Kataluniako Kontsulta Legea, azaroaren 9rako deituta den galdeketa eta horiekin lotutako ekintza oro. Horiek horrela, zer gertatuko da azaroaren 9an? Kataluniak aurkituko al du zirrikiturik subiranotasuna lortzeko bidean aurrera egiteko?
Alabaina, atzera eginez, Kataluniako ur uherrei zeharka begiratuz, eta euskal eremura etorriz, derrigorrezkoa suertatzen da gogora ekartzea 2008. urtean Eusko Legebiltzarrak antzeko bidea urratu zuela. Ibarretxe lehendakari zela, bakea eta normalizazioa helburu zituela, Kontsulta Legea onartu zen, euskal parlamentarien % 45,3ko babesarekin.
Konstituzionalak 2008ko irailaren 11n baliogabetu zuen EAEko Kontsulta Legea, eta ez zen urriaren 25ean inolako galdeketarik egin. Horren ordez, 20.000 lagun bildu zituzten sei elkarretaratze egin ziren Euskal Herria bakea bai, erabakia bai lelopean. Hartara, Katalunia ere hormaren kontra al da, iraganean Euskadi bezala?
Solasaldi mahaiaren inguruan, hauek egongo dira: Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, Xabier Barandiaran soziologoa, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua, Jagoba Alvarez historialaria, Karmelo Landa EHUko irakaslea, Oscar Rodriguez politologoa eta TACTIOko delegatua, Galder del Campo abokatua eta Maite Iturre EH Bilduko kidea.
'Debatea' gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.