Itxi

Euskalonski

Euskalonski

Euskalonski

Estreinaldia

Gaur abiatuko da 'Euskalonski' saio berria, Pello Reparazek gidatuta

EITB

Euskara eta musika ardatz hartuta, atzerrian bizi diren euskal hiztunak gertutik ezagutzeko aukera emango digu. ETB1en izango da ikusgai, astelehenero, 22:30etik aurrera.

0:26

Gaur, irailak 3, mugarik gabeko euskaldunen abenturari ekingo dio 'Euskalonski' saio berriak Euskal Telebistan. Izan ere, euskara eta musika ardatz hartuta, atzerrian bizi diren euskal hiztunak gertutik ezagutzeko aukera emango digu Pello Reparaz Vendetta taldeko abeslariak. ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, astelehenetan, 22:30ean.

Musika munduan egindako lanagatik ezagutzen dugu Pello Reparaz, baina Euskal Telebistako saio bateko aurkezle lanetan ere ikusiko dugu, estreinakoz. Musikari esker, munduko hainbat toki ezagutzeko aukera izan du, eta horietan guztietan euskaldun asko topatu dituela aitortu du. Orain, euskaldun horien istorioak guregana ekarriko ditu, eta, horretarako, hainbat hiritara egingo du bidaia: Parisera, Bruselara eta Berlinera, besteak beste.

Lehen abentura, Parisen

Maitasunaren, poeten eta margolarien hirian hasiko dute saioa, eta Pello Reparazek hainbat motako euskalonskiak topatuko ditu: kazetariak, musikariak, filosofoak, saltseroak...

Abraham de Amezaga kalitate adituarekin izango du lehen hitzordua, luxuzko hotel batean gosaltzeko. Gosea aseta, Lorea Ibañez amurrioarrarekin elkartu eta Gay Pridera abiatuko da Pello, maitasuna kolore guztietakoa dela aldarrikatzera. Nahikari Oloriz ere ezagutuko du autobus paradan, saxofoi klasikoa jotzen duen Atarrabiako emakume gaztea. Jazz taberna batean Ronnie Lynn artista estatubatuarrarekin egingo du topo, eta Jimi Hendrixen ondarea bizirik dirauela erakutsiko digute Sena ertzean.

Azkenik, Paris agurtu baino lehen, Nerea Reparaz lehengusinarekin elkartuko da terraza batean, albistea zer den (edo ez den) jakiteko. Eiffel Dorreari, Garaipen Arkuari, Eliseoko Zelaiei eta beste hainbat tokiri musika jarriz amaituko du Pello Reparazek saioa.

'Euskalonski' saio berria astelehenetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.