Gaupasa
Asteartetik ostegunera
"Gaupasa" late night saio berria estreinatuko du ETB1ek maiatzaren 26an
EITB
Julen Telleriak aurkeztuta, entretenimendua, elkarrizketak eta umorea uztartuko ditu, eta hainbat aurpegi ezagun kolaboratzaile lanetan: Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Jon Plazaola, Miren Nogales, Ainhoa Etxebarria, Mikel Bermejo, Zuhaitz Gurrutxaga… Asteartetik ostegunera, 22:15ean.
Eguna ondo bukatzeko plana dakarkigu Julen Telleriak. Euskal Telebistaren gauetako programazioa indartzeko asmoz, ETB1ek "Gaupasa" late night programa estreinatuko du asteartean (maiatzak 26), 22:15ean.
EITBren apustu berri honetan Euskal Herriko hainbat aktore eta umoregilek jardungo dute Julen Telleriaren alboan. Kolaboratzaile izango diren aurpegi horien artean izen ezagun asko: Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Jon Plazaola, Miren Nogales, Ainhoa Etxebarria, Mikel Bermejo, Zuhaitz Gurrutxaga (New Yorketik egingo ditu konexioak). Hauekin batera, azkenaldian joeran dabiltzan sare sozialetako eduki sortzaileak: Janire Atxurra, Iñigo Aranburu eta Irati Erauskin.
Honenbestez, Julen Telleria telebistara itzuliko da "Gaupasa" show berria aurkeztera. Eskarmentu handiko profesionala dugu eta, aurretik, "Gu Ta Gutarrak", "Gure Kasa" edota "Gora Bihotzak" saioetan ikusi dugu aurkezle lanetan. Elkarrizketa, entretenimendua eta show generoak ondo menperatzen dituela frogatu du behin baino gehiagotan tolosarrak.
Entretenimendua, umorea eta elkarrizketez gain, saioaren laugarren osagaia zuzeneko musika izango da: abeslari eta taldeen bisita jasoko dute Miramongo platoan eta Gaubandak, programako musika bandak, erritmoa eta zuzeneko doinuak erantsiko dizkio saioari: Luis Mari Moreno Pirata, Jon Viejo eta Igor Telletxeak osatzen dute Gaubanda.
"Gaupasa", astearte, asteazken eta ostegunetan, 22:15etik aurrera, ETB1en eta ETB ON plataforman.

