Go!azen
Gaur
Mikel, bi ahizpen artean, 'Go!azen'en bigarren atalean
A.A. | eitb.eus
Haizea edo Elene, Elene edo Haizea, nor du gustuko Mikelek? eta zer egingo du? Gaur jakingo dugu 21:00etatik aurrera.
Elene eta Haizea ahizpen artean ikusiko dugu Mikel, mantenimentuko mutila, "Go!azen" telesailaren bigarren atalean. Bikiak zirela ohartu ondoren, bietako nor duen gustuko erabaki beharko du eta, ondoren, zer egin pentsatu.
Izan ere, Elene ez da isiltzen, bere mutilagun berriari buruz hizketan ari da denbora osoan. Eta noski, Haizeak isilean gorde beharko ditu bere sentimentuak, berari ere Mikel gustatzen baitzaio. Bien bitartean, Mikelek ez daki zer egin. Nor du benetan gustuko, Haizea ala Elene? Eta Haizea gustatzen bazaio, zer egin behar luke? Eleneri egia esan eta neska utzi?
Bestetik, sotoan harrapatu ondoren, Zuzenek Markel eta Jontxu zigortu egin ditu; pilotalekua goitik behera margotzea agindu die. Garik, noski, mutilak izorratu nahiko ditu eta han agertuko da bere lagun taldearekin. Baina gauzak ez zaizkio berak nahi bezala aterako; amorruz beteta alde egin beharko du.
Udalekuko jarduerei dagokionez, Zuzenek Basakabi News egunkaria martxan jarri nahiko du, baina parte hartuko duten gazteei ez die gaiak aukeratzeko askatasunik eman nahi; santuei buruz idaztera behartu ditu. Beraz, gazteek beste aldizkari bat aterako dute sekretuan, eurei interesatzen zaizkien gaiei buruzkoa.
Ostiralero, 21:00etan hasita, ikus daiteke 'Go!azen'en atal berri bat eitb.eus-en eta ETB1en. Horrez gainera, aurreko atal guztiak EiTB Nahieran-en daude eskuragarri.